Urteroko arrakastarekin errepikatu dute aurten ere laplatatarrek euren Paella Lehiaketa. Guztira zortzi talde aurkeztu ziren deialdira, zazpi, etxekoak eta bat kanpokoa, eta oso lan zaila izan zuen epaimahaiak erabakitzea azkenean Kataluniako Etxeko ordezkariei eman zien lehenengo saria. “Etxeko lagunak bildu eta ondo pasatzeko aitzakia baina ez den txapelketa” ordu txikiak arte luzatu zen, dantzariek animatuta.
La Plata, Argentina. Toki Alai aretoa bete beterik eta zortzi talde partehartzaile egin zen joan den ostiralean, ekainaren 12an, La Platako 2015eko Paella Lehiaketa. Aurreko edizioetan bezala, euskal etxean garatzen diren ekintza guztietako ordezkariek ekin zioten lanari, tartean euskara ikasleek (Unibertsitateko Irakurlegoko ikasleek lagunduta), Kanastan aritzen diren Andreek, Pilotariek, Matxin Burdin Liburutegiko eta Athletic Bilbao Tango Club lagunartekoek, Futbol eskolakoek, Hockey eskolakoek eta dantzari helduek. Baina euskal etxearen gonbiteak erakundearen mugak gainditu zituen eta Kataluniako Etxeko talde batek ere hartu zuen parte Txapelketan.
Arratsalde osoko lana saritzeko eta sukaldarien ahalegina eskertzeko, diploma bana eskuratu zioten anfitrioiek partaide bakoitzari; hala ere, irabazleak hautatzeko orduan, bi baino ezin izan zituen aukeratu epaimahaiak. Luze eztabaidatu ondoren, kataluniarrei eman zieten epaimahaikideek lehenengo saria eta bigarrena, euskara taldeko lagunei.
Lehiaketa bukatuta, Ohorezko Aurreskua dantzatu zien Andoni Etcheverryk irabazleei eta ondoren, dantzekin jarraituz, Fandango eta Arin Arin dantzatu zuten dantzari helduek. Jaiaren baitan, Euskal Herriko ohiko abestiak kantatu eta folklore argentinarreko dantza tipiko batzuk dantzatu zituzten elkarrekin etxekoek eta gonbidatuek.
“Norgehiagoka baino gehiago elkartzeko aitzakia ona da Paella Lehiaketa. Helburu horrekin antolatzen dugu eta ondo baino hobeto bete izan da aurten ere”, adierazi dio elkarteko buruzagi Maria Fernanda Astigarragak EuskalKultura.com-i. “Eta horregatik esker beroak luzatu nahi dizkiegu parte hartu duten guztiei: Iñaki Aramayo Lazcano eta Andoni ‘Palomo’ Azcarate antolatzaileei eta haiekin batera lan egin zutenei; epaimahaikide izan ziren Carlos Capdevila Kataluniako Etxeko lehendakariari, Mirentxu Sanchez Garciandiari eta Pedro Berruetari; etxeko dantzari eta lagunarteei, eta Hockey eta Futbol eskolako umeen gurasoei, euren laguntzagatik”.