euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Katalin Madariaga: 'Gaurko egoerari aurre egiteko oso beharrezkoa dugu Diasporaren laguntza'

2009/11/09

Katalin Madariaga Eusketxen emandako hitzaldian
Katalin Madariaga Eusketxen emandako hitzaldian

PUBLIZITATEA

La Platako Euzko Etxeak gonbidaturik, Katalin Madariaga Ezker Abertzaleko ordezkariak Argentinako Diasporaren kideekin egoteko aukera izan zuen iaz Euskal Astearen inguruan antolatutako 'Elkarrizketa Politikorako Mahaian'. Aurten, horrelako ekintzarik antolatu ez arren, Euskal Astera bueltatu da Madariaga. 'Euskal Aste Nazionalera etorri naiz, bai; baina batez ere hemen euskal abertzaleen errepresentazio apur bat falta dela uste dugulako', azaltzen du parlamentari ohiak. 'Badakit hemen badagoela linea horretakoa den jendea eta haiekin egoteko etorri naiz'. Horretaz gain, Madariagak Gernika Sarearen lan instituzionala bultzatzeko asmoz Argentina eta Uruguaiko hiriburuak bisitatu ditu.

Buenos Aires, Argentina. Bahia Blancan Euskal Astean izan ondoren, Ezker Abertzaleko ordezkari den Katalin Madariagak Montevideoko Euskal Erria eta Haize Hegoa euskal etxeak bisitatu ditu. Euskalerriratu baino lehen, Buenos Airesko Eusko Kultur Etxean egoteko aukera ere izan du eta bertan Gernika Sarea eta Independentismoaren gainean hitzaldia eskaini zuen. Hitzaldiaren aurretik, Madariagak bere bidaiaren helburuari buruz hitz egin zuen EuskalKultura.com-ekin. Hona hemen bere adierazpenak:

'Euskal Aste Nazionalera etorri naiz baina batez ere hemen euskal abertzaleen errepresentazio apur bat falta dela uste dugulako. Badakigu hemen badagoela linea horretakoa den jendea eta haiekin egoteko egin dut bidaia. Iaz gonbidatuta etorri nintzen 'Elkarrizketa Politikorako Mahaian' parte hartzeko, baina aurten FEVAko lehendakari eta idazkariarekin hitz egin nuen eta esan zidaten ez direla gonbidapen ofizialik egiten, eta bakoitza libre dela etortzeko, orduan bai, nire edo hobeto esanda, gure kabuz etorri gara'.

'Iaz lan instituzional bat egiteko ere aprobetxatu genuen. Gernika Sarea daukagu hor, instituzio mailan; aurten ezin izan dugu ezer egin hauteskunde garaian daudelako Uruguain eta hemen oraindik jendea kargu hartu barik dagoelako [gogora dezagun Argentinako legebiltzarrerako hauteskundeak joan den ekainean izan zirela]. Baina apirilean, ni ez banaiz, beste kide bat etorriko da hori sakontzeko, lan instituzionala sakontzeko. Gernika Sarea hautetsi sare bat da, senadoreak, diputatuak, alkateak… Europa mailan hasi zen, Gernikan izan zen lehenengo ekimena, eta asmoa Euskal Herrian autodeterminazioaren alde lan egitea da. Halako kargu bat duen bakoitzak bere herrian lan egin edo euskal herriaren alde ahal den guztia mugitu dezake, ez dakit, interpelazioak direla, edo prentsaurrekoak ematea, edo Euskal Herrian zeozer gertatzen denean salaketa egitea. Mexikon, adibidez, badago jadanik antolatutako halako sare bat eta helburua da Argentinan eta Uruguain beste talde bat sortzea. Argentinako legebiltzarreko diputatu pare bat interesatuta daude, tartean, Claudia Gil Lozano eta Diana Maffía'.

'Diasporaren jendeari mezu bat luzatu ahal izango banio gaurko egoerari aurre egiteko oso beharrezkoa dela bere laguntza esango nioke. Ikusten da hau prozesu politiko bat dela eta beharrezkoa da diasporatik etorritako laguntza. Beti jartzen dugu adibide moduan Irlandako prozesuan Irlandako diasporaren indarra oso garrantzitsua izan zela. Pentsatzen dugu, beraz, euskal diasporan ere ahalegin hori behar dela'.


Lotura interesgarriak

Gernika Sarea
www.gernikanetwork.blogspot.com

Buenos Aires hiriburuko diputatua, Diana Maffía
www.dianamaffia.com.ar

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia