euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Karoly Morvay linguista hungariarrak 'Euskal Gramatika Llaburra' liburua aurkeztuko du gaur Budapesten

2008/05/06

Karoly Morvay linguista eta euskaltzalea ELTE Unibertsitateko Euskal Liburutegian
Karoly Morvay linguista eta euskaltzalea ELTE Unibertsitateko Euskal Liburutegian

PUBLIZITATEA

Aurkezpena hiriburu hungariarreko Cervantes Institutuan egingo dute, gramatika plazaratu duen L'Harmattan argitaletxea tarteko. Liburuaren egileak, Karoly Morvay linguistak, euskara ikasten ari diren hungariarren behar eta zalantzei erantzuna ematen die gramatika honen bidez, izan ere Morvayk 25 urte eman ditu euskara irakasten Budapesteko ELTE Unibertsitatean. Aurkezpenean arduradunek omenaldia egingo diote martxoaren 30ean zendu zen Henrike Knörr euskaltzainari. Knörr gramatika honen sustatzaileetako bat izan zen eta aurkezpeneko hizlarietako bat izan behar zuen.
Károly Morvay doktoreak gaur arratsaldeko seietan aurkeztuko du Budapesteko Cervantes Institutuko egoitzan Rövid baszk nyelvtan-Euskal gramatika llaburra liburua. Izenak dioen bezala hungariarrez idatzitako euskal gramatika bat da, eta L'Harmattan argitaletxeak plazaratu du. Liburua hungariar hizkuntzalari eta euskaltzaleei, eta bertako euskara ikasleei zuzendua dago.

Karoly Morvayk eskarmentu handia du gai honetan, izan ere bera izan zen duela 25 urte Budapesteko ELTE Unibertsitatean euskara eta euskal kultura ikastaroak abian jarri zituena. Hainbat urtetan, Morvay bera izan da ikastaroetako irakaslea, baina azken bi ikasturtetan Begoña Bosque Artaza irakasleak hartu du ardura hori. Klase hauetatik euskaran interesa izan duten makina bat ikasle igaro dira eta orain, euskal gramatikarekin, euren bidean aurrera egiteko tresna berri eta erabilgarria eskuratuko dute.

Henrike Knörri omenaldia

Aurkezpen honekin omenaldia eskainiko zaio Henrike Knörr filologo eta Euskaltzaindiko kide zendu berriari. Joan den martxoaren 30ean hil zen Knörr, 61 urte besterik ez zituela. Euskaltzaina gramatika honen sustatzaileetako bat izan zen eta, are gehiago, aurkezpenean parte hartzera gonbidatuta zegoen. Bere heriotzaren berria gogorra izan da Morvay eta lankideentzat eta aurkezpenean omenaldia egiteko asmoa agertu dute.

Bestalde, ekitaldia 25 urte hauetan ELTEko euskara klaseetatik igaro diren ikasleak biltzeko aukera aparta ere izango da. Ikastaroak kinka larrian daude orain, izan ere Morvayk erretiroa hartu zuenetik ez dago Unibertsitateak ordaindutako irakaslerik. 2006ean behin-behineko irtenbidea lortu zuten: Budapesteko institutu batean matematika klaseak ematen ari zen Begoña Bosque irakasle euskaldunak ikastaroaren ardura hartzea onartu zuen, musutruke. Bi azken urteotan berak eman ditu klaseak, lau ordu astero, baina egoera luzaezina da eta joan den irailean ikastaroko arduradunak Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz Politikarako Sailburuordetzarekin harremanetan jarri ziren, munduko hainbat unibertsitateetan euskara ikastaroak sortzen ari den bezala, Budapesteko esperientzia aintzindari honi bizirauteko laguntza emango zaionaren esperoan.


Lotura interesgarriak

L'Harmattan argitaletxea
www.harmattan.hu

ELTE Unibertsiteko Hispaniar Saila
http://spanyolszak.elte.hu

Henrike Knörr euskaltzain eta filologoa hil da
www.berria.info

Karoly Morvayk euskal gramatik argitaratuko du hungariarrez
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko azaroaren 21ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia