euskal diaspora eta kultura
2013/12/13
PUBLIZITATEA
Mexiko DF, Mexiko. Karmele Jaio euskal idazleak egin berri duen bira iragan asteartean, abenduaren 10ean, amaitu zen Mexiko Hirian, egun horretan hainbat komunikabideekin elkarrizketak egin eta gero. Hasteko, Jaio eta Mari Jose Olaziregi, Etxepareko Euskararen Sustapenerako zuzendaria, Joseba Buj euskal idazlearen "Los Dublineses" irratsaioan izan ziren. Buj Mexikon bizi da, Universidad Iberoamericana-n irakasle da eta bertako Ibero Radio irratian saioa aurkezten du. Elkarrizketan Karmele Jaioren "Amaren eskuak" laneko elementuak izan ziren hizpide; esaterako, Euskal Herrian areagotzen ari den kulturaniztasuna, Etxeparek aditzera eman duenez. Ondoren, Karmele Jaiok elkarrizketa egin zuen Radio Red irratian, Miguel Ángel Quemain esatariaren saioan.
Bezperan, abenduaren 9an, Jaiok eta Olaziregik euskal literaturari buruzko hausnarketak egin zituzten, aurrena, UNAMeko euskal ikasleekin egin zuten topaketan eta, ondoren, Xavier Villaurrutia Literatur Sormenezko Zentrura bildu ziren entzuleen aurrean. Jaiok euskaraz idaztearen garrantzia nabarmendu zuen eta euskal literaturan gero eta emakume idazle gehiago direla azpimarratu zuen.
Guadalajarako Liburu Azokan
Bestalde, abenduaren 5ean eta 6an Jaiok eta Olaziregik Guadalajarako Nazioarteko Liburu Azokan parte hartu zuten, euskal editoreen ordezkaritza batekin batera. Ordezkaritzak edizio munduko hainbat agenteekin, idazleekin eta azokako arduradunekin bilerak eta kontaktuak egin zituen.
Azokaren baitan, abenduaren 5ean euskal idazlea 150 bat ikaslerekin bildu zen eta idazle esperientziari buruz solastu zen eurekin. Arratsalde partean, aldiz, “Los lectores preguntan” saioan parte hartu zuen eta “Amaren Eskuak” liburuari buruzko galderak erantzun zituen. Bi ekitaldiotan izan ziren entzuleen artean izan ziren Ibon Mendibelzua, Euskadiko ordezkaria Mexikon, eta Itzel Olague, ordezkaritzaren instituzio-zuzendaria.
Biharamunean, abenduaren 6an, Jaiok "Encuentro Internacional de Cuentistas" topaketan parte hartu zuen eta "Peritas en dulce" ipuinaren irakurketarekin arrakasta itzela lortu zuen, entzuleen txaloak eta barre algarak lortuz.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus