euskal diaspora eta kultura
2011/03/31
PUBLIZITATEA
Madril, Espainia. Madrildarra da Karlos Cid-Abasolo, eta 25 urte daramatza bertan euskara irakasle. 1997an hasi zen lanean Madrilgo Complutense Unibertsitatean, eta 2007az geroztik Euskal Filologiako irakasle titularra da. Hala ere, euskara 'saltzea', Katalunian Madrilen baino errazagoa izango dela dio, Madrilen jende askoren aurreiritziei aurre egin behar baitie. Alta, ikasleek klaseetara etorri baino lehen zeuzkaten "euskarari eta Euskal Herriari buruzko topiko eta aurreiritziak" gainditzeak asebete egiten duela dio.
Urritik aurrera lana hirukoiztu egingo zaio Cid-Abasolori, izan ere Euskara eta Euskal kKltura irakasten hasiko da Alcalá-ko Unibertsitateko eta Unibertsitate Autonomoko ikasleei, Etxepare Institutuak, Cervantes Institutuak eta Alcalá-ko Unibertsitateak sinatu duten hitzarmenari esker. Bere esperientziari buruz galdegin diogu, Madrilgo Korrikarako ekitaldiak prestatzen ari dela (Complutensetik irtengo da aurten, apirilaren 9an).
- Noiz abiatu zen programa Madrilen?
Madrilgo Complutense Unibertsitateak 2007tik dauka hitzarmena sinatuta Eusko Jaurlaritzarekin dirulaguntzaren bidez kultura ekitaldiak antolatzeko, baina askoz lehenagotik irakasten dira unibertsitate honetan euskara eta euskal kultura. Atera kontuak: lehenengo irakaslea Blas de Oteroren emazte Sabina de la Cruz izan zen, 80ko hamarkadan.
- Zenbat ikasle daude irakurlegoaren klaseetan?
Bolognia madarikatua (sic) baino lehen 'Euskal Kultura eta Zibilizazioa', 'Euskara I' eta 'Euskara II' irakasgaiak hautazkoak (konfigurazio librekoak) ziren Complutenseko ikasle guztientzat, eta 25 ikasle inguru egon ohi ziren talde bakoitzean. Gaur egun, ordea, konfigurazio libreko irakasgairik ez dagoenez, Filologia Fakultatekoek baino ezin dituzte aukeratu, eta horrek dezente murriztu du, jakina, ikasle kopurua. Euskal kultura klaseetan gehienak madrildarrak dira, baina badira estatubatuarrak eta europarrak (Erasmus programakoak) ere. Euskaldunak, oso gutxi. Euskara klaseetan, ostera, madrildar eta europarrez gain, badira euskaldunak ere, kreditu “errazen” bila datozenak.
- Zer dakite EHri buruz?
Euskal Herriaz, konpokoek, ia ezer ez. Iritsi zaien informazioa zatikakoa eta manipulatua iritsi zaie, gehien bat hedabideetatik. Euskal kulturako ikasle askok aitortu didate, lagunek, senitartekoek-eta, ez dutela begi onez ikusten irakasgai hori ikasteko euren erabakia, Euskal Herriak hainbat madrildarren artean duen ikuspegi ezkor eta lerratiarengatik.
- Ze inpresio hartzen dute euskara entzuten dutenean?
Harritzen dira euskalki batetik batera dagoen aldea ikusita, fonetikan-eta. Nafarrerazko entzungai bat jartzen diet eta asko ez dira konturatzen hori euskara denik. Horrela, euskarari dagokionez (eta, oro har, hizkuntzei dagokienez) topikoetan ez erortzen ikasten dute. Bestalde, euskal musika entzuten dutenean, soinu polita duela pentsatzen dute gehienek.
- Zer/nola irakasten diezu klasean?
Euskara klaseetan bi arlo lantzen ditugu: batetik, euskararen historia, euskalkiak, etab., eta bestetik gramatika, fonetika, azentua, deklinabidea, aditza. Lehen arlo horretan, ikasleek informazioa jaso behar dute liburuak eta artikuluak irakurriz eta internetera joz, eta ikasgelan eztabaida sortzen da. Euskara praktikoa ere lantzen dugu, funtzio komunikatiboetan oinarritua. Gramatika-azalpenik gabe lantzen dut euskara praktikoa, nik sortutako materialarekin. Hainbat ariketa sarean jarri ditut eta webgune honetan daude ikusgai.
- Anekdotarik?
Euskal kulturako klase batean bertsolarien saio grabatu bat jarri nien ikasleei. Handik hilabetera, azterketan bertsolaritza zer den galdetu eta hara zer erantzun zuen ikasle batek: bat-bateko bertsoak botatzea puru bat erretzen den bitartean. Kontua da bideo hartan Andoni Egaña ageri zela, purua ahoan. Eta ikasleak hortik ondorioa atera.
- Ereiten ari zara orain, zeintzuk uste duzu izango direla irakurlego honen fruituak?
Barkatu harrokeria, baina Madrilen euskal kulturaren “enbaxada” bat-edo sortzen ari naizela iruditzen zait.
'EUSKALCOMPLU' KULTUR PROGRAMA
2007az geroztik Complutense Unibertsitatean 'EuskalComplu' kultur egitaraua sustatzen du Euskara eta Euskal Kultura irakurle programak eta Karlos Cid-Abasolo jarduera desberdinen koordinatzaile izan da azken urteetan. Adibide gutxi batzuk ematearren, Castillo Suarezek eta Leire Bilbao irakurraldia gauzatu zuten, Ruper Ordorikak kontzertua, Jose Angel Irigaraik poesia-errezitaldia eta Patxi Baztarrikak hizkuntz aniztasunari buruzko hitzaldia. Horrez gain, programa honen bidez iaz euskara sarean ikasteko BOGA sistema eskaini zaie unibertsitateko ikasle guztiei.
-Datozen egunetarako ekitaldi berri asko ari dira prestatzen. Horien berri jakiteko, jo Irakurle programaren taldeak Facebooken duen orrira: 'Lengua y cultura vascas en las Universidades de Madrid'
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus