Barranquilla, Kolonbia. Iker Guillermo Lopezek idatzi digu Karibeko Euskal Etxetik, gonbidapena luzatzeko, parte hartu nahi duten guztiei, plazaratu berria duten "Euskaraz Kolonbia" kanpainan. Kanpaina mundu guztiaren partaidetzari dago zabalik, baina bereziki euskaraz ez jakin arren euskara eta euskal kulturari hurbiltzea gustura ikusiko luketenei, zergatik ez?
Ekimenaren helburua, "hondar-alea" jartzea da euskararen zabalkundean eta herrialdean euskal ezagutzarik dutenen kopurua handitzea, eta oraindik euskara edo euskal kulturari buruz deus entzun ez duten, edo deus ez dakitenei jakinmina piztea eta arrazoi txiki bat ematea modu dibertigarrian gure kulturara pittin bat hurbil daitezen.
Jolas edo proposamen ludiko honetan parte hartzeko, urrats hauek ematea proposatzen dute:
- Idaztea Euskobarranquilla@gmail.com helbidera "Euskaraz Kolonbia" gaiarekin, jarduera honetan parte hartzea eskatuz
- Erantzun gisa, esaldi edo esaera labur bat jasoko dute euskaraz, buruz ikasi beharrekoa.
- Berau esaten euren burua bideoan grabatu eta bidali beharko dute, izen-abizenak, hiria eta herrialdea zehaztuta.
- Antolatzaileak material hori editatu eta IGeko @Casa Vasca-ra igoko dute. zabalkundea emanez
Hasiera bateko epea luzatu egin da eta bideoak bidaltzeko azken epea martxoaren 10a da, asteazkena.