Bogota, Kolonbia. Euskaldunen ohiko kantuzaletasuna indartu eta laguntzea, mahai baten inguruan izan edo nolanahi ere lagunartean bildurik, horixe da hain zuzen ere Euskal Herriko txoko eta elkarte askok, baita munduan barreiaturiko euskal etxe batzuk ere, euren bazkide eta lagunen artean sustatu nahi dutena, euskal kantuen bilduma propioak sortu eta 'kantika' edo 'kantutegi' deitu izan diren formato txikiko kantu-liburuxkak argitaratu eta zabalduz. Honela azaltzen du Goyo Usunaga Bogotako Euskal Etxeko lehendakariak: "Kantatzea, bakarka eta bereziki taldeka, euskaldunen ezaugarri eta ohiko libertimendu izan den usadiozko jarduera bat da, nonahi daudela ere, belaunaldiek euren etxeetan edo txokoetan elkarrekin egin duten zerbait, euren izaera eta kultur nortasunaren adierazgarri. Euskaldunak berez gara kantuzaleak talde gisa, eta maite dugu kantatzea, euskaraz bereziki, eta jende gehiagorekin bildu eta kantu hori partekatzea, modu antolatuan edo, askotan, inprobisatuan, gure errepertorioko kantuak hirugarrenei eskainiz".
Horregatixe plazaratu berria du Bogotako Euskal Etxeak bere Kantutegia, bazkide eta lagunen eskura erosgai dagoena. 230etik gora abesti dakartza, euskaraz gehienak, eta garai guztietakoak: “Batzuk antigoalekoak dira, 'betikoak', esate baterako ‘Gernikako Arbola’ edo 'Agur Jaunak', eta beste batzuk apur bat modernoagoak baina denboraren poderioz klasiko bihurtu direnak, adibidez, ‘Lau teilatu’. Hautaketa egiteko Euskal Herriko kantutegi batzuk izan ditut erreferente”, azaldu dio EuskalKultura.eus-i Usunagak.
Limako Euskal Etxeak ere bere kantutegi propioa plazaratu du, bertako Asier Hernando Malax-Echevarrik egina, bazkide diren euskaldunen eta Perun jaiotako belaunaldi berrien eta lagunen artean kantatzeko ohiturari eutsi nahirik. Asier Hernandok Bizkaiko bere familiarengandik jaso zuen ideia, familia kantuzalea baitu eta gabonetan elkarrekin abesten zituzten kantuak batu ditu gehienbat liburuxkara.
"Erabiltzen genuen kantutegi hura Burlatako Ilunabarra abesbatzarena zen eta aitak ekarri zuen bertatik Burlatan bizi izan baitzen. Abesti tradizionalak ditu, tartean 'Agur Euskal Herriari' edo 'Txoria txori'; baina baita habanera, bilbainada eta 'mexikanada' batzuk ere, horiek ere kantatzen baitzituzten lagun artean", diosku Asierrek. Limako kantutegiak 117 abesti biltzen ditu eta pasa den ekainean, San Juan eguna ospatzeko egin zuten elkarretaratzean, estreinatu zuten.
Azkenik, Argentinako Rosariotik, helburu berarekin datorkigu beste proposamen bat, euskal kantuari eta kantua partekatzeko asmoari ere lotua, kasu honetan online. 'Cancionero Vasco' du izena eta Iker Canut gazteak bildutako kantutegia da. Gailu adimendunetan deskargatzeko moduko aplikazioa den honek ehun bat izenburu biltzen ditu euskaraz zein gaztelaniaz, euskarazkoen kasuan itzulpenarekin gaztelaniara, partitura batzuk ere barne. Nahiz eta momentu honetan eguneratzen egon, link honetatik jaits daiteke.
Beste egun batean aipatuko ditugu Kantari bezalako aplikazioak. Kantari Euskal Herriko lagunartean eta abesbatzetan gehien erabiltzen den kantatzeko aplikazioa, gero eta erabiliagoa baita ere Diasporan. Doan jaitsi daiteke eta ehundaka asko kantu biltzen ditu, hamaika kantiketatik ekarriak, jasotako kantika ere badakarrela. Dagoeneko 50.000 deskargatik gora dauzka, eta probatzen baduzu ohartuko zara erabilgarria dela oso.