euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Kantua, bertsoa eta bozkario aldarrikagarria 2024ko Euskararen Egunean: ikus argazki eta bideoetako batzuk

2024/12/12

Euskal Ikasketa Arloak gonbidaturik, Xabier Amurizak hartu zuen parte Madrilgo Unibertsitate Konplutenseko Euskararen Eguneko ospakizunean (argazkia Miriam Ad Dahraoui Aoulad Radi)
Euskal Ikasketa Arloak gonbidaturik, Xabier Amurizak hartu zuen parte Madrilgo Unibertsitate Konplutenseko Euskararen Eguneko ospakizunean (argazkia Miriam Ad Dahraoui Aoulad Radi)

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastián. Zabala bezain anitza da munduko euskal diaspora eta aniztasun hori, ospatzeko momentuetan ere azalaratzen da, azken pare bat asteetan Euskararen Nazioarteko Eguna (ENE) ospatzerakoan gertatu legez. Abenduaren 3an da ofizialki Euskararen Nazioarteko Eguna eta Diasporako euskal elkarte bakoitzak bere egutegira egokitzen du, ekitaldi motari dagokionez, eta baita datari buruz ere, beti ere ahal eta jenderik gehien biltzearren, batzuek San Frantzisko Xabierren egunea bertan ospatuz eta beste askok asteburuan –aurrekoan edo ondokoan–, finkatzen joan diren tokian tokiko usadio, tradizio eta komenentzien arabera.

Gure arreta deitu duten deialdietako hiru bildu ditugu datozen lerrotara, euren argazki eta bideoak barne. Madrilgo Euskal Etxean abenduaren 3an bertan ospatu zuten ENE. Espainiar hiriburuko euskal elkartean jolasak eta dantzak antolatu zituzten goizean eta, arratsaldean berriz, mintzodromoa euskara ikasleen artean, otarteko batzuk ere partekatuz. Madrildik mugitu gabe baina Unibertsitate Konplutensean (UCM) eta Etxepare Institutua lankide, Xabier Amuriza bertsolari eta idazlearen bisita jaso zuten Euskal Ikasketa Arloko lagunek. Euskal Herrian aurkezpenik behar ez duen baina Madrilen nobedade zen bertsolari zornotzarrak, publikoaren interesa piztu zuen ekarri zuen gaiarekin,  "Vivir improvisando" izenburupean bertsolaritzaren izaera eta mamia hartu naitzuen hizpide, adibideak eta bertsoak ere kantatuz, eta itzulpenak medio esplikatuz seguruenik halako azalpenak sekula entzun gabeko jendeei.


Jolasak eta mintzodromoa Madrilgo Euskal Etxearen Euskararen Eguneko ospakizunean


Amurizaren kantari Konplutenseko Emilia Pardo Bazan aretoan (bideoa Miriam Ad Dahraoui Aoulad Radi)

Uruguain, bertako euskara ikasle eta irakasle multzo batek FIVUren eskutik ekin zion hitzordu euskaltzaleari. Montevideoko Euskaro Euskal Etxearen egoitzan, abenduaren 7an, Haize Hegoa, San Joseko Euskaldunak eta Euskaro euskal etxeetako lagunek arratsaldepasa egin zuten, euskaraz jolasten, abesten, mintzatzen… Dantza ere parte izan zen, eta ez zen askaria ere falta izan. Ikus beherago haur eta helduen irudiak! Urtero bezala, Salton, Saltoko Euskaldunen Taldea EEak Euskararen Egunarekin batera bere sorreraren 32. urteurrena ospatu zuen. Izan ere, bere kideen artean nafar ugari dituen euskal etxe hau abenduaren 3 batean sortu zuten 1992an. Euren festari, abesbatzen elkarretaratze forma eman zioten, Byblo, Canta conmigo, Ostinato eta Saltoko Euskal Abesbatza koruak partaide, euskal egoitza zaharberrituan Mercado 18 helbidean, hiri erdigunean.


Euskara ikasle gaztetxo eta helduak Euskaro Euskal Etxean jolasean hizkuntza ardatz


Saltoko Euskal Abesbatzak Oskorriren 'Aita-Semeak' abestia eskaini zien bildutako lagunei

Perun, Limako Euskal Etxean sorpresa polita izan zuten Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko EEaren egoitzan deitutako ekitaldian. ENEren eta euskararen gorazarre antolatutako afari eta dantza saioari ekarpen berezia egin zion Perun ikasle dagoen Erasmus programako gazte euskal herritar talde batek, nola eta Euskal Etxeari buruzko bertso batzuk prestatu eta bertan kantatu eta bildutakoei eta Euskal Etxea osatzen dutenei hain egun berezian oparituz.

Trujillon ere, gogo eta engaiamendu handiz emendatu zitzaizkion euskararen ospakizunari, abenduaren 7an, larunbata, pozik deialdiarengatik, baina triste ber denboran, aste horretanxe zendu baitzen Trujilloko Euskal Etxeko fundatzaile, lehendakari eta alma materra den Wilfredo Lizarzabururen biloba, 9 urte besterik ez zituela, garun minbizi mota oso erasokor batengatik. Wilfredok une bat hartu zuen Francisco iloba gogoratzeko, Zoom bidez eta zenbait herrialdetako partaideak bildu zituen ekitaldi birtualean.


Limako Euskal Etxean Euskararen Eguna ospatzeko bildu zirenetako batzuk: afaria, dantza eta bertsoak


Limako Erasmus programako Unai, Oihana, Sara, Jokin, Lara, Eider, Maddi, Lucia-eta bertso kantari

Ohar hau Euskal Herriko gazteen Limako Euskal Etxean hiriburu perutarreko euskal elkarteari kantatutakoa transkribatuz bukatuko dugu. Han edo hemen, bihotz euskal taupadaka.

Inguru paregabe
ta jende umila
pasarteak mordo bat
istoriak mila
Euskara Perun ere
ez dagonez hila
norbait baldin badabil
euskaldunen bila
gure Euskal etxera
etorri dadila.

Elkartuz pasatuak
hamaika ostegun
mus txapelketa edo
mahi inguru leun
berriro etortzeko
gogoa bagenun,
txuri gorri ta berde
hiru koloredun,
Euskal Etxeak sendo
segi beza Perun!



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia