euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Kantu bazkaria Valladoliden Gure Txokoren 34. urteurrena ospatzeko, gehi musa eta sagardotegi txangoa EHra

2017/03/15

PUBLIZITATEA

Valladolideko Gure Txoko Euskal Etxeko lagunek euren elkartea sortu zuteneko 34. urteurren bazkaria egina dute otsailaren 25ean. 34 urte dira elkartea sortu zutela, eta 24, berriz, egungo egoitza erosi zutela. Ez zen umore ona eta bozkarioa falta izan, ezta kantuak ere, kasu honetan Euskal Herrikoak zein bertakoak, kantu emanaldia eskaini baitzuten Enrique Castro, Nati eta Luis Marianok (ahotsetan) eta Joseba Aramayok (perkusioan). Euskal Etxeak abiatua du aurtengo mus txapelketa eta sagardotegi txangoa iragarri du EHra apirilaren 1-2an.

Valladolid, Espainia. Elkartearen 34. urteurren bazkaria euskal etxeko kideen ohiko umore ona eta alegrantzia nagusi ospatu zen, eta ekarpen berezia egin zuten "abegikor hartu gintuen lur honetako kantuak eta baita gure lurreko kantuak ere kantatu zituzten lagun batzuk", azaldu digu Gure Txoko-tik aspaldi Valladoliden bizi den Sonia Hernandez Maiztegui eibartarrak. "Eskerrak ematen dizkiegu Enrique Castro musikagileari eta Nati eta Luis Mariano kantariei, eta baita Joseba Aramayoren perkusioari ere, ekitaldiaren arrakastari egin zioten euren ekarpen ederragatik".

Gure Txokoren mus jarduerak hasiak dira aurtengoz eta txapelketako lehenengo partidak martxoaren 4an jokatu ziren. Norgehiagokaren emaitzak maiatzean argituko dira, eta horrekin estatu mailako euskal etxeen arteko txapelketan Gure Txoko ordezkatuko duen bikotearen izena.

Urte sasoin honetan ohi bezala, euskal etxea hasia da prestatzen eta iragarri du dagoeneko Euskal Herrira egingo duen asteburu osoko bidaiaren berri, "aurtengo sagardo uzta dastatzeko, eta era berean paraje berriak ezagutu eta pixkanaka Euskal Herria hobeto ezagutzen joateko". "Kultur osagai bat ematen diogu beti txangoari, larunbat gauez sagardotegi batera joan aurretik, eta igandean ere, itzuli aurretik, leku berriak bisitatzen saiatzen gara: aurten bideak Oñati, Donostia, Hondarribia eta Txingudiko Badiara eramango gairu; eta, jakina, baita Astigarragara ere", dioskute Gure Txokotik.

Txangoa larunbat-igandez egingo da, apiriaren 1 eta 2an, honako ibilbide eginez, Gure Txokok emaniko azalpenen arabera:

Irteera, larunbatean, apirilaren 1ean: Bidaia Oñatiraino, bertan gida bat izango dugu zain Eliza bisitatzeko, Unibertsitatea eta herria. 20:30ak aldera Astigarragako Iretza sagardotegi aldera egingo dugu. Kupelen usadioarekin bete eta gero, bi aukera: zuzenean lotara joatea, edo hori egin aurretik erronda bat Donostian.

Igandean, apirilaren 2an: Hondarribi aldera abiatu eta nahi duenak 12:30ko meza entzun ahal izango du bertako Asunciongo Andra Mariaren Elizan, kale nagusian. Eliza eta alde zaharra ikustea, Marina eta arrantzaleen auzoa, Higer itsasargia, Guadalupeko Monasterioa, Zuloaga Etxea, Txingudiko Badia... Berriz ere Puzela alderako bidea hartu aurretik.

On egin!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia