euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Kantiruki taldeak bira kaliforniarra hasiko du datorren igandean, Chino, Los Banos eta San Frantziskora helduz

2007/12/19

'Amodioz bizi' diskoaren azala
'Amodioz bizi' diskoaren azala

PUBLIZITATEA

Talde baxenabartarra da Kantiruki eta Sylvie Brust, Terexa Goicoechea eta Sylvie Cherbero kantariek eta Mikel Erramouspe musikariak osatzen dute. Diasporarekin harreman estua duen taldea ere bada, Cherbero eta Brust Los Bañosen jaiotako euskalamerikarrak baitira. Igandean familiarekin elkartzera eramango dituen bira hasiko dute, Kaliforniako Chino, Los Baños eta San Frantziskon kontzertuak eskainiz, 'Amodioz Bizi' lana aurkezteko.
Abenduaren 23tik urtarrilaren 3a artean Kantiruki taldea Kalifornian izango da, bertako euskal etxe eta komunitateetan hiru emanaldi eskaintzeko. Lehen kontzertua datorren igandean izango da, abenduaren 23an, Chinoko Euskal Etxean egiten den Eguberriko bazkariaren ostean. Los Angeles inguruan egun batzuk igaro ondoren taldekideak Los Bañosen egongo dira abenduaren 27 eta 28an, eta emanaldi bat eskainiko dute. 30ean San Frantziskoko Basque Cultural Centeren emango dute kontzertua. Urtezahar gauean, abenduaren 31an, taldekideak BCCko bazkideek egiten duten jaian parte hartuko dute.

'Los Bañoseko emanaldia zinez berezia izango da', aitortu dio Mikel Erramouspe taldeko kitarrajoleak EuskalKultura.com-i. 'Sylvie Cherbero Los Bañosen sortua da eta bere gurasoekin Euskal Herrira etorri zen bizitzera 11 urte zituenean. Kaliforniarra baita ere, Sylvie Brustek aldiz Los Bañosen egin zituen ikasketak eta guzti, baina geroago Euskal Herrira etorri eta hemen lana aurkitu, maitemindu... eta hemen gelditu zen'. Familiarekin biltzeak emozio handia emango dio emanaldiari.

[Kantiruki taldearen irudia bat: Mikel, Sylvie, Terexa eta Sylvie]

Noka taldea Euskal Herrira

Sylvie Brust, Terexa Goicoechea eta Sylvie Cherbero kantariek osatzen dute Kantiruki, Mikel Erramouspek kitarrarekin lagundurik. Bira honetan beren lehen diskoa, 'Amodioz Bizi', aurkeztuko du Kantirukik. Duela zazpi urte sortua da taldea eta euskal kantu herrikoiak, kreazio propioak eta Pier Pol Berzaitz bezalako kantari batzuen lanak kantatzen dituzte. Diskoa salgai dago Euskal Herriko disko dendetan eta Agorila disketxearen webgunean, besteak beste.

Bira honek Noka taldearekin garatuko duten lankidetza proiektu bati emango dio hasiera. Noka hiru neska euskal-kaliforniarrek osatutako taldea da eta euskal kantu tradizionalak jorratzen ditu. Kantirukikoek beraiekin emanaldiak partekatuko dituzte bira honetan eta 2008ko udan, aldiz, Noka izango da Euskal Herrira etorriko dena. Izan ere, lehenengo aldiz kantatuko du Nokak Euskal Herrian. Erramouspek ekaina hasieran Arrosan, Alduden, Hendaian eta Baztanen emanaldiak egingo dituztela aurreratu du. Hala ere datak ez daude oraino itxiak eta Noka edota Kantirukiren emanaldia antolatu nahi duten elkarteei taldearekin harremanetan jartzeko gonbitea luzatzen dio musikariak, e-maila bidaliz hona.


Lotura interesgarriak

Agorila disketxea ('Amodioz bizi' erosteko)
www.agorila.com

Kantiruki taldea
www.eke.org

'Noka2', Noka taldearen bigarren emaitza
EuskalKultura.com-en argitaratua 2005eko urriaren 3an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia