euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Kantaldia Euskaltzaleak-en: Arrecifesko Maral eta Bizkaiko Daltondarrak taldeak abuztuaren 21ean, Buenos Airesen

2015/08/08

kantaldia abuztuaren 21ean izango da, Kataluniar Etxean
kantaldia abuztuaren 21ean izango da, Kataluniar Etxean

PUBLIZITATEA

Kantaldi bat antolatu du Euskaltzaleak-ek datorren abuztuaren 21ean, euskal kantak eskainiko dituzten bi talderen eskutik: Bizkaiko Daltondarrak eta Argentinako Maral. Euskaltegiko musika, dantza eta kantu tailerreko kideek ere osatuko dute ikuskizuneko programa. Kontzertua Casal de Catalunyan izango da eta sarrerak zenbakituak. 

Buenos Aires, Argentina. Euskara mantendu eta zabaltzea da Buenos Airesko Euskaltzaleak euskaltegiaren helburu nagusia eta eskolak emateaz gain, beste hainbat modutara ere eusten dio bere eginkizuna betetzeko xedeari. Kasu honetan, Kantaldi bat prestatu du datorren abuztuaren 21erako, euskaraz abeste duten bi musika talde gonbidatuz.

Maral talde arrecifestarraren partaidetzari dagokionez, ‘Bazkalosteko abestiak’ bere azken CDa aurkeztuko du eta euskal kanta klasikoei eurak egindako bertsioak ere eskainiko dituzte Buenos Airesko publikoaren aurrean. Daltondarrak taldea, ostera,, Bizkaitik dator eta euskal musika jotzeaz gain hainbat ‘cover’ egingo dituzte euskaratuak.

Kantaldi honekin batera elkartearen abuztuko topaketa ere egingo dute Euskaltzaleak-eko lagunek; hori dela eta, ikuskizunean etxeko artistak ere arituko dira –dantzariak, musikaria eta abesbatza– eta kontzertua bukatzean, sukaldariak luzituko dira ogitarteko, pintxo eta arrain enpanadek osatutako menuarekin.

Euskaltzaleak-en Kantaldia Kataluniar Etxean izango da, Chacabuco kaleko 863. zenbakian, eta sarrerak aldez aurretik erreserbatu behar dira, euskaltzaleak@yahoo.com.ar helbidean. Txartelak $100 balio ditu (edari bat barne) eta eserlekuak zenbakituak izango dira. Aipatzekoa da Kantaldi honekin bat egingo duela Euskaltzaleak-ek Argentinan Euskaraz programaren 25. Urteurren ospakizunekin.

Daltondarrak Argentinan

Urdin, Joanes, Julen eta Aratz musikari bizkaitarrek osatzen dute Daltondarrak taldea eta guztiek lehen aldia dute honakoa Argentinan. Gazte argentinarrekin zeuzkaten harremanei esker, emanaldi programa polita lortu dute artista euskaldunek Buenos Aires probintzian eta hiriburuan.

Izan ere, lehenengo kontzertua Necochean eman zuten, uztailaren 31an, Euzko Etxeko San Inazio jaiaren baitan. Hurrengoak, berriz, La Platan izango dira, abuztuaren 14 eta 15ean, Mus Txapelketa Nazionalaren programa barruan (ordua baieztatzeke) eta azkena, Buenos Airesen, Euskaltzaleak-en eskutik.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia