Iruñea-Pamplona, Nafarroa. Honelaxe jakinarazi zuen atzo goizean prentsaurrekoan Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok. Berarekin batera, Icíar Ortiz de Urbina, Nafar Etxeen Federazio Nazionaleko lehendakaria, eta Cascanteko alkate Alberto Añón izan ziren.
Ollo kontseilariak Nafarroako Gobernuak jaiegun horri ematen dion sostengua nabarmendu zuen, nabarmenduz Nafarroako herritarrek kanpoan bizi diren nafarrei egiten dieten harrera adeitsua, estimu eta solidaritatearen adierazgarria dela. "Gure Foru Komunitateko ezinbesteko zati bat direla" esan zuen. Horrez gain, Cascanteri buruz ere hitz egin zuen, jai honen aurtengo egoitza denez, adieraziz Nafarroako Erriberako leku garrantzitsua dela, "milaka urteko historia baitu, goi-mailako arte-ondarea, kultura-aniztasuna eta jende langile eta bereziki abegitsuen gizarte-taldea" izanik.
Bertan azaldu zenez, topaketa honetara Espainiako geografia osoan banatuta dauden Nafarroako hamahiru etxeetako ordezkariak etorriko dira (Kantabria, Burgos, Bilbo, Barakaldo, Arrasate, Gasteiz, Logroño, Zaragoza, Valladolid, Madril, Bartzelona, Valentzia eta Sevilla). Eurentzatt guztientzat, bezperan, ostiralean, hasiko diren zenbait ekitaldi antolatu dira. Herriko Udalak ekitaldiak aurkeztuko ditu, "Alegría Ribera" eta Cascanteko Jota Eskolak jota-saio bat emango dute eta Nafar Etxeen Federazioak omenaldia egingo dio erriberako hiriari.
Ekitaldien programa
Larunbatean, ekainaren 3an, ekitaldiak 11:15etan hasiko dira, bertaratutakoen harrerarekin eta lunch txiki batekin (txigorkiak olioarekin), Romero Parkeko Pergolan. Ondoren, harrera egingo zaie agintariei, leku berean, 11:45etan, eta Romeroko Andre Mariaren Basilikaraino joango dira. Hango arkupetik txupinazoa botako dute. Jarraian, meza kantatu bat egingo da. Meza amaitutakoan, 13:00ak inguruan, kalejira egingo da, dultzaineroek eta buruhandiek girotuta, eta erraldoien dantza.
Ondoren, 14:30etan herri-bazkaria egingo da udal kiroldegian, Cascanteko Cais Cantum Abesbatzak girotutako bazkalondoa. 18:00etan José Luis Jiménez eta Jesús Caballeroren saioa izango da eta festa 19:00etan amaituko da. Ordu horretan autobusak Udal kiroldegitik abiatuko dira jatorrizko herrietarantz.
Horrez gain, 12:00etatik 14:00etara Museo Etnografikorako bisitak antolatu dira, baita Cascanteko turismo-gunerik interesgarri eta adierazgarrienetatik ere. Bestalde, egun osoan, "pintxo-pote" egongo da herriko tabernetatik, 2 eurotan.
Festak Nafarroako Gobernuaren 20.000 euroko diru-laguntza du, bertaratutakoak Cascantera joateko bidaia finantzatzeko, emanaldietarako eta antolaketa-gastuetarako.
29 edizio
Kanpoan diren Nafarren Eguna 1989tik ospatzen da, beraz, datorren larunbatean, ekainak 3, 29. edizioa izango da. Urtero herri bakoitzean egiten da, eta orain arte, Foru Komunitatetik kanpo bizi diren nafarrak herri hauetan bildu dira: Corella (bitan), Lizarra, Erriberri, Zangoza, Tutera, Iruñea, Elizondo, Viana, Irunberri, Azkoien, Erronkari, Tafalla, Lodosa, Agoitz, Los Arcos, Otsagabia, Milagro, Auritz, Fitero, Arguedas, Artaxoa, Funes, Ultzama, Mendabia, Izaba, Andosilla eta Lekunberri
-Hona eguneko egitaraua pdf-n