Buenos Aires, Argentina. Pandemiaren ondorioetako bat izan da Eusko Jaurlaritzako Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendari Gorka Alvarez Aranburu eta bere ekipoak aurrez-aurreko elkarretaratzeak etetea Diasporan. Ez Euskal Herrian, hainbat izan baitira COVID-19aren larriena pasatu ondoren Gasteizera bisita egin duten euskal diasporakideak, alderantzizkoa ez baitzen oraindik posible. Baina bidaiak berreskuratzen hasteko tenorea ere heldu da, eta bihar bertan abiatuko da Gorka Alvarez, eta bere bulegoko Benan Oregi teknikaria, hamar bat eguneko bisita egiteko Argentinara, zenbait euskal etxe eta komunikabideen ekitaldietan parte hartzeko Argentinan eta ondoko Uruguain.
Ostiralean bertan iritsiko dira Buenos Airesera eta lehenengo asteburuan, larunbatean hiriburu argentinarreko Laurak Bat Euskal Etxean hartuko dute parte Aberri Eguna ospatu eta Gernikako Bonbardaketaren 85. urteurrena gogoratzeko ekitaldietan. Igandean, berriz --EuskalKulturak aurreratu zuenez-- Rosariora mugituko dira, aurten 110 urte beteko dituen euskal etxe honen Aberri Eguneko eta Gernika oroitzeko programako partaide aritzeko. Llavallolgo Euskal Echea eskola ere bisitatuko du Alvarezek.
Datorren astean zehar, besteak beste ixtekotan da Roldaneko euskaldunak bisitatzeko aukera eta Uruguaira ere mugituko dira, Euskal Erria, FIVU, Haize Hegoa, eta --informazio hau idazterakoan zehazteke-- Euskaro euskal etxeen eta federazioko ordezkariekin biltzeko. Ondoko asteburuari begira, Pampako Santa Rosara egingo dute bidaia eta asteburu osoko programa berezia prestatua duen Macachingo Euzko Alkartasunarekin --ez ahaztu aurten, azkenean, Argentinako Euskal Aste Nazionala bertan dela gauzatzekoa-- bat egingo dute, Aberri Eguna ospatuz eta bertatik Buenos Airesera eta Euskal Herrira itzultzeko.