euskal diaspora eta kultura
2009/07/14
PUBLIZITATEA
Vitoria-Gasteiz. Edurretako Liburutegiko eraikina, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU-UPV) Gasteizko kanpus arabarrean, izango da atzodanik eta datorren asteko ostegunera arte 2009ko Gaztemunduko saioen egoitza. Ia berrogeita hamar dira bertara partaide etorri diren gazteak, Ameriketako 42 euskal etxe diferentetatik eta bi federaziotatik, ororen buru Argentina, Uruguai, Txile, Kolonbia, Espainia, Estatu Batuak eta Venezuelako euskal gizataldeetako ordezkariak. Uztailaren 23a arteko egunetan, euskaletxeak.net atariko kudeaketa lana egiten ikastea da ekimeneko helburua, tartean Euskal Herriko zenbait bazter esanguratsu ere ikusiko dituztela. Ikus egitaraua.
[Gaztemundu 2009ko eskolak ematen diren ikasgelako ikuspegi orokorra]
Guillermo Echenique Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak egin zien bertaratutakoei harrera, ia guztiak aurreko egunean euren herrialdeetatik hegazkinez etorriak. Atzokoan bi baino ez ziren falta, NABO eta FEVAko ordezkariak, atzo gauean iristekotan, Estatu Batuetatik, biak asteburuan Kaliforniako Chinon amaitu berria den Udalekuan parte hartzen aritu baitira. Bildutakoei eginiko hitzetan, Echeniquek euskal etxeek Lopez lehendakariarentzat daukaten garrantzia aipatu zuen eta Euskadik eurekin harremana areagotzeko daukan gogoa.
[Julian Celayaren hitzak atzo Gasteizen, Gaztemunduren aurkepenean]
Julian Celayaren lehenengo ekitaldia karguan
Giro informalean, Echenique Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak --bera ere joan den asteako astelehenean hasia lan honetan-- aurkeztu zien Gaztemunduko kideei atzoko eguna lehendabiziko lan eguna zeukan Julian Celaya Kanpoko Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako zuzendari berria, izendapen ofiziala joan den ostiralean agerkari ofizialean argitaratu ondoren. Celayak euskaraz egin zuen bere lehenengo solasaldia, eta ondoren gaztelaniaz azaldu euskaraz esandakoa. Xaloa eta eskuragarria agertu zen eta umore ona ere agerian utzi zuen, Barakaldokoa dela edo hala azkarki sentitzen dela nabarmenduz, Bizkaiko hiriburutzat jo naitzuen ezkerraldeko hiria, "Bilbo, Donostia eta Gasteiz gutxietsi nahi izan gabe". Celayak euskal etxeekin estu lan egiteko asmoa azaldu zuen, Jaurlaritzaren eta euskal etxeen artean ahalik eta lanik emankorrena lortzearren.
Ordezkari politikoen hitzen ondotik, Andoni Martin Kanpoko Euskal Gizataldeekiko Zuzendaritzako teknikariak eta gaztemunduko in situ koordinatzaileak eutsi zion hitzari, ondoren euskaletxeak.net atariko teknikari informatikoek euren arloko hainbat xehetasun eta jakingarri azalduz mintzatu zirelarik. Datozen egunotan Gaztemunduko kideak ikastaro oso bat hartuko dute atari horren kudeaketa menperatzeko eta euskal etxeen eskuetan uzten dituen baliabideak baliatzen ikasteko.
-Gaztemunduko partaideen behin-betiko zerrenda
[OHARRA: goiko estekako zerrenda ofizialean dauden partaideekin batera, Jaurlaritzak gonbidapen berezi batzuk ere luzatu ditu Gaztemundurako. Horien arabera, Gasteizen dira baita ere: Gerardo Bautista Echeverria, Villa Mariako Euzko Etxeako kidea, Cordoba probintzian, Argentinan; eta Nestor Adrian Oyarzo, Cordoba hiriburuko Euskal Etxekoa, Cordobako probintzian, Argentinakoa baita ere; aldiz, gonbidapenari uko egin dio Mercedes Ibarrak, Chascomuseko Etxekoak, Buenos Aires probintzia argentinarrekoak]
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus