Quilmes, Argentina. Joan den mendearen hasieran sortua izan arren, denboraren poderioz instituzioaren aktibitateak gutxituz joan ziren 80. hamarkadan desagertu arte. Baina Quilmes hiriko euskaldunek jarritako haziak ez ziren erabat galdu eta hogeita hamar urte mugimendurik gabe pasa eta gero kimua berriro ere hasi da loratzen: “Euskaldunak gara, euskaldunen seme-alabak, bilobak eta birbilobak eta gure historia eta oroipenekin lotuta dagoen gure lekua berreskuratu nahi dugu, horrek gure nortasuna osatuko baitu”, adierazi dute quilmestarrek komunitateari luzatutako deialdian.
Euskal etxearen berpiztea ipar, Quilmesko euskal kolektibitateak instituzioaren egoera jakinarazi du kanpaina baten bidez gizataldearen babesa eta euskal etxe eta erreferenteen engaiamendua lortzeko.
Kanpainaren xehetasunak
Kanpaina Facebooken zabaldu da berehalako batean eta erantzun ezin hobea jaso du komunitate birtualak emana. Ehunka “Atsegin dut” eta beste hainbat kemen hitz eta argazki –nolabait, hitzei ‘aurpegia’ jartzeko– bildu ditu. Facebook-en hedatutako kanpaina ez da, ordea, taldearen ekintza bakarra. Izan ere, bideo bat ere prestatu dute Euskal Istoriak Hegoaldean (sic) proiektuan aurkezteko. Bideorako Quilmesko eta oro har Argentinako euskal kolektibitateko ordezkari batzuk elkarrizketatu dituzte Quilmesko Euskal Etxeko gazteek, tartean, erakundeko lehendakari ordea den Armando Velasco eta Chalo Agnelli Bazterrica historialaria.
Berpizte honen bultzatzaile nagusietako bat den Pablo Landaburuk EuskalKultura.com-i adierazi dion moduan, “Euskal etxe bat zerbait bada, ekintza kulturalak, jendea eta jendearen partaidetza da… hori dela eta kanpaina honen bidez hurrengo urratsa burutzea da gure asmoa, hau da, aktibitateak garatzeko gure lekua berreskuratzea”.
Gogora dezagun Quilmesko Euskal Etxea 1901. urtean jaio zela eta bere azken berriak, –La Plata hiriko erregistroetan gordeta– 1981ekoak direla. Azken urte hauetan, hala ere, lagun batzuk hasi dira biltzen erakundea berriro antolatzeko asmoz eta egindako aktibitateen artean euskal kulturari buruzko hitzaldiak aipa daitezke, Mikel Ezkerro irakaslea hizlari. Quilmesko Euskal Etxeari laguntzeko, jar ezazu ‘Atsegin dut’ edo ipin itzazu mezu edota argazki bat euren Facebook-en Vascos de Quilmes horman.