euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Kanpaina bati ekin diote Estatu Batuetan bertako euskaldunen kapilau den Aita Antton Egigureni auto berria erosteko

2022/06/09

Aita Anttonek 281.000 kilometro egin dizkio auto honi --mapan ibilbide nagusiak-- euskaldunak bisitatzen. Igandean Winnemucca dagokio
Aita Anttonek 281.000 kilometro egin dizkio auto honi --mapan ibilbide nagusiak-- euskaldunak bisitatzen. Igandean Winnemucca dagokio

PUBLIZITATEA

Boise, Idaho, AEB. Kanpaina bati ekin diote Estatu Batuetan, 2014 hondarretik euskaldunen kapilau edo omonierra den Aita Antton Egiguren frantziskotarrari auto berri bat erostearren. Bertako Artzai Ona elkarte kristatuak abiatu du, Merced herri kaliforniarra egoitza duen "euskal apaizak kilometro edo milia andana bat egin behar baitu urtero, udan bereziki, baina baita urte osoan ere, AEB Mendebalde osoko euskaldunak eta euskal komunitateak bisitatzen; euskal pikniketako mezak ematen eta herri bakoitzean zahar eta ezinduak etxean bisitatu eta euren hizkuntzan artatzen; eta euskal komunitateetako bataio eta ehorzketak egitearekin batera, aitortza eta jaunartzea haur, gazte. heldu eta zaharrei ematen", Artzai Onatik EuskalKultura,eus-i adierazi zaionez.

Euskal komunitateak estima handian dauka aita Anttonen lana, eta Euskal Herriko apaiz bat izatea meza eta sakramentuak euskaraz ematen dituena, eta ingelesez eta, areago, komunitateko xaharrak gaztelaniaz edo frantsesez artatzea hauek direnean dakizkiten hizkuntzak; izan ere Aita Anttonek --bere ibilbidean misiolari izana Korea, Tailandia eta Txinan eta Alemaniako Lovainako Unibertsitateko irakasle zena hona etorri aurretik-- hiru lizentziatura izatearekin batera, hamarretik gora hizkuntza mintzo ditu, euskaratik hasi eta txineraraino, tartean ingelesa, frantsesa, espainiera, koreera, italiera, portugesa, holandera eta tailandiera. Zenbait libururen egile ere bada.

281.000 kilometro dituen autoa

Kurrikulum ederraren jabe, baina izatez da Antton Egiguren pertsona xaloa, eskuragarria eta zerbitzatzeko izpiritua gidari duena. Baina parrokia barreiatua dauka, eta denbora asko pasatu behar izaten du errepideetan, autoan sartuta, askotan AEBko basamortu luze eta bakartiak zeharkatzen euskaldunen bisitan, eta horrek auto ona izatea eta egoera egokian eukitzea eskatzen dio, eta honakoa, oraingoz ongi badabil ere "175.000 milia -- 281.000 kilometrotik gora-- dauzka, auto berria erosten pentsatzen hasteko unea", esaten digute Artzai Onatik.

Pottoka baitu izena bere autoak, bere aurreko omonierra izan zen Aita Martxel Tillous xiberotarraren autoaren izena atxiki baitzuen. Pottoka berria erosteko maiatzean hasitako kanpaina emeki doa aurrera. Helburua, 40.000 dolar inguruko monobolumen bat erostea, eroso eta segurantziaz ibil dadin, eta posible bada, autoaren gastuetarako kontu bereizi bat zabaltzea

Kanpainan laguntzea

Lagundu nahi duenak, Estatu Batuetatik bada, txekea igortzen ahal du "Artzai Ona, PO Box 6439, Boise, ID 83707" helbidera; edo bestela Artzai Onarekin  komunika daiteke info@basquecatholic.org emailaren bidez, eta argibideak edo nola lagun dezakeen galdetu.


WINNEMUCCAko JAIA. Bitartean ekainean sartu gara eta segitzen du AEBko euskal pikniken programak. Datorren igandean --eta han ibiliko da euskal apeza meza-emaile eta herriko euskaldunak, bereziki xahar eta eriak eta familiak bisitatzen-- euskal festa Nevadako Winnemuccan izango da. Ostiralean, ekainaren 9an hasiko dira ekitaldiak, larunbatean kabalkada edo euskal desfilea herriko kale nagusian eta piknik besta, gauean dantza Jean Flesherren 'Amerikanuak' bandarekin. Igandean, euskal meza, eta euskal janari eta giroa.

PIKNIK MEZA ONLINE. Bertaratu ezin dutenentzat, datorren igandean ere, ohi duenez, online transmitituko dute Aita Anttonek eta Artzai Onak euskal meza, Winnemuccatik. Segitu nahi dutenek aski dute Artzai Onaren Facebook kontuan sartzea www.facebook.com/BasqueCatholic helbidean. Meza zuzenean emango dute, eta ondoren bideoa hor geldituko da geroago ikusentzun nahi dutenentzat. Zuzenean, igandean, Nevadako goizeko 9:00etan, Euskal Herrian 18:00ak direla [kontsultatu ordutegiak, asteburu oro alda baitaiteke, piknika egon badago ala ez]


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia