euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Kanadako musikari batzuek euskal bale arrantzaleen historia kantu bidez kontatzen duen CDa plazaratu dute

2008/08/28

Euskal bale-ehiztariak Red Bay-en kokatu ziren XVI mendean (argazkia Michael Burzynski)
Euskal bale-ehiztariak Red Bay-en kokatu ziren XVI mendean (argazkia Michael Burzynski)

PUBLIZITATEA

XVI mendean Kanadako Red Bay badian bale arrantzan ibili ziren euskaldunen historia musika eta kantu bihurtu dute bertako musikari batzuek eta ‘Remembering the Red Bay Basques’ (Red Bay-ko Euskaldunak Gogoratuz) izenburuarekin CD batean argitaratu dute. Shirley Montague kantaria da ekimenaren sustatzaileetako bat eta ideia 2006ean Apaizac Obeto espedizioko euskaldunak ezagutu zituenean sortu zela azaldu dio EuskalKultura.com-i. Montagueren aburuz, azken urteetan euskaldunen garai hau ahaztua izan da Labradorren eta CD honekin gogora ekartzea da euren helburua, musika eta kantuetaz baliatuz.

Red Bay, Kanada. Shilrley Montague, Daniel Payne, Louis McDonald eta Paul Barry musikari kanadiarrek osatutako taldea kontzertu bira egiten ari da egunotan Kanadako ekialdeko kostaldean, Labrador inguruan. Kontzertuetan  ‘Remembering the Red Bay Basques’ CDa aurkezten dute, XVI eta XVII mendeetan zehar paraje hauetan lanean aritu ziren euskal bale arrantzaleei omenaldia eginez. Bira Kanadako mendebaldean emango dituzten beste bi kontzertuekin bukatuko dute. gaur bertan kontzertua eskainiko dute Woody Point-eko Heritage Theatre aretoan. 

Bale arrantzaren negozioaren urte onenetan Red Bay-en mila arrantzaletik gora bizi ziren, asko eta asko euskaldunak. Egundaino euskal presentzia horren arrastoak ikus daitezke Kanadako kostaldeko herrietako izen eta toponimoetan eta Red Bay-en Zentro Historiko Nazional batek euren historia eta inguruan izan zuten eragina azaltzen du.

Apaizac Obeto

Shirley Montague musikariak CDan biltzen diren sei abesti idatzi ditu eta horretarako sarri bisitatu zuen zentru hau, bere inspirazio iturri nagusienetakoa. Baina CDaren sorreran berebiziko eragina izan zuen esperientzia 2006 urtean Apaizac Obeto espedizioa Kanadara heldu zenean gertatu zen. Espedizio honetako kideek, tartean Jon Maia bertsolaria zegoelarik, Labradorreko kostaldean bidaia egin zuten, XVI mendeko euskaldunek erabiltzen zuten txalupa baten erreprodukzioan.

'Irratian elkarrizketa bat entzun nien eta inspirazio horrekin abesti bat idatzi nuen. 'Txalupa' izenburua zuen abestiak, hain zuzen ere', azaltzen dio EuskalKultura.com-i Montaguek. 'Egun batzuk geroago, eta abesti horretaz ezer jakin gabe, Red Bayko gunetik deitu zidaten, espedizioa bukatu osteko jaialdian parte hartzera gonbidatuz. Han kanta hori abestu nuen eta taula gainean Jon Maia, trikitilariak eta beste euskal musikariak ezagutu nituen. Esperientzi zirraragarria izan zen eta ez dut sekula ahaztu. Kointzidentzia baino une majikoa izan zen'.

Shirley Montague Labrador Red Bay
[Shirley Montague kantaria 2005 urteko Ternua eta Labradorreko Folk Jaialdian]

Euskaldunen historia berreskuratu

Artistaren esanetan, Labradorreko bale arrantzaleen historia ahaztua izan da azken urteotan, beste taldeen historiaren alde. Montaguek eta bere taldeak CD honek Red Bayko euskaldunen esperientzia gogora ekartzen lagunduko duela espero dute.  ‘Gure asmoa euren historia kantu eta musikaren bidez ezagutzera ematea da’, azaldu zuen Montague. ‘Hori da CDaren helburua. Istorioak kontatzea da gakoa’.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia