euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Kalte larriak Buenos Airesko Euskaltzaleak-en, euren egoitza 1,5 metro altuetako uretan murgilduta geratu ostean

2023/03/25

Ura bonbez atera ondoren geratutako panoramarekin, liburuak, bideoak, sukaldea, hainbat objektu eta tresna bustita eta kaltetuta
Ura bonbez atera ondoren geratutako panoramarekin, liburuak, bideoak, sukaldea, hainbat objektu eta tresna bustita eta kaltetuta

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. Ezusteko txarra izan dute ostiral eta larunbatez Buenos Aires Hiriko Euskaltzaleak-eko lagunek, ostegunean jai-eguna izanik Argentinan, aldamenekoek abisatu baitzieten ura eta hezetasuna sartzen ari zitzaiela beren lokaletik. 1,5 metroko ur altuera topatu zuten iritsitakoan egoitzako sotoan, liburutegi, sukalde, eta dantza taldearen arropa biltegi eta entseguleku gisa erabiltzen duten gunean. Oraindik zehaztu ezin badaitezke ere, kalte ekonomikoak handiak dira. Baina dirua diru, liburutegiak ematen die min handiena. Euskaltegiko presidente Anabel Jaureguiberry-k EuskalKultura.eus-i aitortzen dionez, "liburutegia erakunde baten historiaren isla baita, eta ez dakigu oraindik zein neurritan berreskuratzeko moduan egongo garen".

Goizegi izanik xifrak emateko, Anabelek aitortzen du negargurea sartzen zaiola hondamendia ikusitakoan. "Hamar-hamaika urte dira egoitza honetara etorri ginenetik eta lan eta ahalegin handia joan gara ipintzen instalazioak pixkanaka gaitzen, egokitzen eta hobetzen". Asegurua badaukate, baina oraindik ez dago argi izango duen portaera. Ostegunean eraikineko iturgina izan zuten lanean, eta joan zenean konpondutzat eman zuen ur-ihes txiki bat... ostiralean uholdearen berria jaso zuten arte.


Euskaltzaleak-eko sotoaren sarrera, 1,5 metroko altuerako urez estalia


Bi bonbez ura atera eta gero bertan sartzea eta lehenengo bistadizo tristea bideoan jasoa


Panorama negargarria, liburuak eta materiala lurrean zilipurdika uraren presioagatik


Beste hiru irudi gauzak lurrean eta liburu eta paperak apaletan baina bustiak

Ez dakite datorren astean zein neurritan eman ahal izango dituzten klaseak normaltasun minimo batez. Ostegunean zinema saioa zeukaten '5 lobitos' emanez, ondoren ohiko Topaketa pintxoz lagunduta egiteko, baina argi dago bigarren parte hau behintzat ezin izango dutela gauzatu, sukaldea eta gauza elektriko guztiak hondatuta baitaude. Liburuekin batera, irakasteko material franko ere galdu dute, bideoak, jokoak, musika... Argindarra berreskuratu dute dagoeneko, baina denbora eta laguntza beharko dute bestela, aurrekora itzultzeko.


Dantza Taldearen arropa eta jantziak egoitzaren kanpoaldean lehortzen


Lagunak lagunei deituta, liburuak berreskuratzen profesionalak gaur bertan liburuak lehortzen

Buenos Airesko euskaltegia

Buenos Airesko Euskaltzaleak euskaltegia 1944an jaio zen, euskal kulturari eta zehatzago euskararen irakaskuntzari zuzenean lotua. Gaur egun 6 irakasle —guztiak argentinar euskaldunak— eta 80 bat ikasle dauzka, eta euskara irakastearekin batera beste hainbat aukera eskaintzen ditu euskararen ardatzean, hala nola hitzaldiak, abesbatza, dantza tailerrak, zinema saioak, Topaketak... eta elkarretaratzeak antolatzen, Korrika, Euskararen Eguna, triki-poteoak, BACen eta irratsaioetan parte hartzen du, euskal taberna eta pintxo partekatzeak antolatzen, Euskara Txokoak Euskal Aste Nazionaletan... Dituen 79 urteetan bere geletatik milaka ikasle pasatu dira eta ikasi dute euskara.

Orain laguntza beharko dute. Laguntza ekonomikoa baina baita liburuak, bideoak eta ikas materiala ere. Eurekin harremandu nahi baduzu eta zeure sostengua eskaini, hauek dira beren datuak:

Euskaltzaleak Euskaltegia
Buenos Airesko gau eskola eta elkartea
Bernardo de Irigoyen 826
Buenos Aires, Argentina
-Emaila: idiomavasco@gmail.com
-Webgunea: https://euskaltzaleak.org.ar
-Facebook: www.facebook.com/euskaltzaleak
-Instagram: www.instagram.com/idiomavasco



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia