Merced, AEB. Kaliforniako Mercedetik, bertako Our Lady of Mercyko elizatik igandero internetez euskaraz eta ingelesez Berpizkunde Igandez ematen hasi ziren mezek aurrera diraute eta sendotu egin dira euskal fededun katolikoen asteroko hitzordu gisa, aita Antton Egiguren apez frantziskotarraren eskutik. Datozen asteetan ere (ikus beherago), igandero daude iragarrita mezak, beti ere egun edo aste bakoitzari tokatzen zaizkion euskal-amerikar festa eta piknikak gogoan --hauek kantzelatuta egon arren-- eta tokiko euskal komunitateak eta horietako gaixo eta hildakoen oroiz.
EuskalKultura.eus-ek gaurtikm aurrera abuztuan buletina emitituko ez duelarik, hemen uzten dizkizuegu irailera bitartean aurreikusita dauden meza hitzorduetako batzuk. Gogoratu meza Kalifornian goizeko 8:30ak direnean eman ohi duela (Euskal Herriko 17:30etan) Estatu Batuetako euskaldunen omonier edo kapelaua den aita Anttonek eta Artzai Ona euskal elkarte katolikoaren Facebook-etik segi daitezkeela zuzenean; edo behin gertatu eta gero hor bertan geratzen dela grabaketa, nahi duenak noiznahi ikusentzun ahal izan dezan.
(Gogoan hartzeko: emisioa "eta laurdenetan" hasten da, aita Anttonek komunitatean hildakoez egiten dituen sarrera eta komentarioekin; eta ondoren, meza, berez, "et'erdietan" abiatzen da).
-Abuztuaren 9an: Gardnerville (Nevada), 8koa, eta Mountain Home-ko (Idaho), 9koa, euskal festa piknikak gogoan
-Abuztuaren 16an, Buffaloko (Wyoming), 15ekoa, eta Seatlle-ko (Washington), 16koa, euskal festa piknika gogoan
-Abuztuaren 22an, Stephanie & Tonyren ezkontza San Frantziskon
-Abuztuaren 30ean, San Frantziskoko euskal besta
Mezak hala ere igandero izango dira, piknik batekin bat etorri ala ez. Mezako irakurgai eta kantuak astero agertzen joango dira Artzai Onaren Facebooken argitaratuta.
Hona hemen abuztuaren 2ko meza, San Ignazio Ereserkia kantatuz eta guzti:
Bestalde, aita Anttonek egunero ematen du errosarioa Artzai Onaren Facebook kontu beretik euskaraz eta ingelesez.
-Artzain Ona Estatu Batuetako euskal elkarte katolikoa da