euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Kalifornian, Chinoko Euskal Etxeak jai eta kultur ekitaldi batez ospatuko ditu asteburu honetan bere 50 urteak

2018/04/06

Zorionak Chinoko Euskal Etxeko bazkide eta lagunei elkartearen 50. urtebetetzearengatik!
Zorionak Chinoko Euskal Etxeko bazkide eta lagunei elkartearen 50. urtebetetzearengatik!

PUBLIZITATEA

Los Angelesaldeko Chino herriko Euskal Etxeak bere 50 urteak ospatuko ditu eta bihar larunbata, bere egoitzan eta hainbat bazkide eta lagun bertara bilduz egingo du, arratsaldean hasi eta gauean sartuko den ekitaldi batean. Besteak beste, Chinoaldeko euskal komunitatea bere buruaren historia biltzearren egiten ari den ahalegina azpimarratuz eta horretan urrats berriak emateko xedez Mitch Gariador, Jeanette Bidart eta Marianna Etcheverria mintzatuko dira, eta Gauden Bat-eko dantzariak eta Noka-ko kantariak arituko.

Chino, AEB. Chinoko Euskal Etxeak ekarpen berezi bat egin eta azpimarratu nahi izan du bere 50. urteurrena ospatzeko. Izan ere, bertako euskal komunitatea ahalegin berezi bat egiten ari da bere historia jaso eta hurrengo belaunaldientzat gordetzen. Mitch Gariador-ek interneten garatzen ari den "Bridge to the Pyrenees, History of the Basque Immigrant Community of Southern California" (Zubia Pirineoetara, Hego Kaliforniako Euskal Komunitate Immigrantearen historia) egun www.bridge2pyrenees.org webgunean biltzen duen proiektuaren aurkezpen eguneratua egingo du eta 'oral history' edo zaharrei eta komunitateko kideei elkarrizketak egitearen garrantziaz eta informazio hori egoki gorde eta lantzeaz mintzatuko dira baita ere bertako euskal komunitatean langintza horretan abiatuak diren Jeanette Bidart eta Marianna Etcheverria.

Eguneko programak afaria eta euskal etxearen baitango Gauden Bat dantza taldearen jarduna ere iragartzen du, Noka hirukoteko Andrea Bidart, Begoña Echeverria eta Cathy Petrissans kantari. Giro ona ez da faltako eta kantu eta bertsoak ere sortuko dira bertaratutakoen eskutik batere programaziorik behar izan gabe, usadioari jarraiki. Gogoan izango dira eta omenaldia eskainiko zaie batera edo bestera Euskal Etxea eta euskal komunitatea sortzen, hazten eta azkartzen lagundu dutenei.

Ikus hemen Chinoko Euskal Etxearen historia aurkezten duen bideoa.

Ekitaldian aurkeztuko dutenaren zati bat, baina, sarean eta aipatu www.bridge2pyrenees.org webgunean ikus daiteke. Hego Kaliforniako hainbat material, euskal familien berri eta komunitateko parte diren zenbait laguni eginiko elkarrizketa eta bideoak ikuska daitezke. Horietako batzuk dira, adibidez:

Webguneak argazki artxiboa ere badu, paper eta dokumentuak ere biltzen ditu, bideoak, argazki-bilduma bereziak, zenbait iturritako dokumentu bariatuak, hilarriak eta beste hamaika baliabide. 

Ekitaldiaren iragarpena Chinoko Euskal Etxea - Chino Basque Clubaren webgunean, hemen

GARRANTZITSUA: Ekitaldian, bertaratutakoen argazkiak egiten ibiliko da Linda Iriart, ondoren 50. urteurreneko argazki albuma osatzeko.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia