euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Kaliforniako Santa Barbara Unibertsitateak online ikastaroak eskaintzen ditu euskal kulturaz

2012/10/16

Diana Palenzuela da Kaliforniako Santa Barbara Unibertsitateko Euskara eta Euskal Kultura irakurlea (argazkia Etxepare)
Diana Palenzuela da Kaliforniako Santa Barbara Unibertsitateko Euskara eta Euskal Kultura irakurlea (argazkia Etxepare)

PUBLIZITATEA

Ingelesez euskal ikasketak egin nahi dituzten irakurleek aukera berri aparta dute orain Kaliforniako Santa Barbara Unibertsitateari esker. Diana Palenzuela irakurleak irakasten dituen bi ikasgai -- Basque Studies eta Basque Language and Culture-- online ikas daitezke aurten, unibertsitateko beste hainbat ikasgairekin batera. Palenzuelak EuskalKultura.com-azaldu dionez, ikastaroak kredituen truke burutu nahi badira matrikula 1200 dolar ingurukoa da, baina bada beste aukera ekonomikoago bat: kredituak lortu nahi ez badira, matrikulak 210 dolar balio du. Zabalik dago matrikula.

Santa Barbara, AEB. Kaliforniako Santa Barbara Unibertsitateak (UCSB) bi euskal ikastaro online egiteko aukera eskaintzen du iragan irailaren 28az geroztik: Basque Language and Culture I (Euskara eta euskal kultura orokorra) eta Basque Studies (kultura, historia, gizartea, politika, ohiturak…). Diana Palenzuela Etxepare Euskal Institutuko irakurleak zuzentzen ditu ikastaroak, bai online eta baita ikasgela fisikoan ere.

Palenzuelak EuskalKultura.com-i azaldu dionez, ikastaroek UCSBek erabiltzen duen “GauchoSpace” izeneko plataforma birtuala baliatzen dute. "Plataforma honetan unibertsitateko ikasleek euren irakasgaiak sarearen bidez jarraitzeko aukera dute", esan du irakurleak. "Irakasleen esku dago plataforma hau erabiltzea ala ez, baina nik jadanik erabiltzen dut ematen ditudan sei kurtsoetan".

Eman izena orain

Bi ikastaroetako matrikula irekita dago, nahiz eta abian diren biak jada. Ikastaroak unibertsitateko ikasleei zein kanpoko ikasleei irekiak dira; finean, gaian interesa duen edonork egin ditzake. Izena ematea oso erraza da: Basque Studies ikasgaian izena emateko jo hona eta Basque Language and Culture ikastaroan izena emateko, sartu hemen.

"Ikastaroak kredituen truke burutu nahi badira, matrikula garestiagoa da, 1.200 dolar inguru (hauxe baita fakultateko ikasgai gehienak duten prezioa). Aldiz, kredituak lortu nahi ez badira, matrikulak 210 dolar balio du", esan du Palenzuelak.

Foroa ikaskideekin

Irakurleak azaldu duenez, behin izena eman eta gero, ikasleek programa eta plataforman sartzeko pasabidea jasotzen dute. Ondoren, egunero jasoko dituzte klase estandar (fisiko) batean ematen diren azalpen eta material zein ariketa guztiak. Ikasleek ariketak beren kabuz egingo dituzte eta plataforman kargatu; ondoren irakasleak zuzenduta eta gomendioekin itzuliko ditu. Zalantzak argitzeko foro bat dago eta bertan, irakaslea eta ikaskideez gain, ikastaro fisikoko ikasleak ere daude. Azken hauek puntu estrak lortu ahalko dituzte besteen galderak erantzuten saiatzeagatik.

Horrez gain, astearte eta ostegunetan Skype bitartez irakaslearekin kontaktatzeko aukera dago, tutoretza saioak egiteko eta euskara praktikatzeko.

Etxepare Euskal Institutuko iturriek EuskalKultura.com-i agertu diotenez, bi ikastaro hauek arrakasta izanez gero, hurrengo bi hiruhilekoetan eskaintza zabalduko dute Basque Language and Culture II eta III eskainiz eta, agian, Literatura eta Zinema.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia