euskal diaspora eta kultura
2010/09/16
PUBLIZITATEA
Martin Etxamendi/Roseville, Kalifornia, AEB. Erramuntxo Caballero Ezterenzubin sortua 1937ko abenduan, begiak hetsi ditu uztailaren 23an, Roseville Kalifornian. Espainiako gerla zibilaren ondotik Franco-ren erregimen garratzetik ihes egin behar izan zuen haren aitak, gero zerbait gisaz familia jarraikaraziz. Erramuntxo zen familiako azken haurra eta bakarra Ezterenzubin sortua zena.
Orok dakigun bezala garai hortan urte beltzak izan ziren, handik ixtanteko munduko bigarren gerlak bazter guziak nahasi zituen, alemanak sartu ziren gure xokoetaraino eta zonbaitentzat zernahi miseria izan zen, denentzat ere bizia aski nekea izan zen baina deusik gabe nunbaitik gerlak bortxaturik etorrientzat «arras nekea».
Erramuntxok eta haren haurrideek arras gazterik lanean ikasi behar izan zuten. Gerla ondoan Landesetan zernahi lan agertu baitzen, Kaballero haurrideak oihanetako lanetarat juan ziren, laster lanean ikasi eta beren lekua han egin. Urte zonbaiten buruko Erramuntxo oraino arras gaztea haurrideen ganat juan zen eta lanean hasi.
Aspaldiko errana «Beharra erakasle ona» dela, Erramuntxok lanean ikasi zuen eta biziki esku fineko langilea atera zen. Geroxago haatik egun ederrak ere etorri zitzaizkon. Ez dakit noiz ote zen, edo zer adin zukeen? Igande batez Ezterenzubirat etorri zen «Peugeot» bizikleta berri pollit batekin eta bere buruaz aski fier.
Hura baitzuen bere lanaren fruitua. Garai hartan ez ginduen nehork ere bizikleta berri bat errex erosten. Uste dut denbora hortan «Mont-de-Marsan»eko xirrindulari ekipa batekin, inguru hetako xapelketa zonbaitetan parte hartzen zuen.
Azken denbora hotan eri zelarik norbaitek Mont-de-Marsaneko xirrindularien xapelketa aipatzen bazion, oraino ere begia zabaltzen zitzaion. Kirolak arras maite zituen, bereziki pilotan esku huska! Kalifornian San Franziskon euskal etxeko plazan baditu zonbait partida eginik. Bertzalde, N.A.B.O.-ko xapelketan Kaliforniako eta Nevadako plazetan badu zonbait xapelketan parte harturik. Horiek izan dira Erramuntxoren amentsetako urteak, bere biziko egunik ederrenak hola iragan ditu artetik bere familia altxatzen zuela.
Bainan zonbait aldiz egunak laster aldaratzen dira. Egun batez lanean eta pilotan aise ari zen gizon atletikoa, bertze egunean kadera errotadunean gelditu zen. Laneko ixtripu batean bertze lagun baten salbatzen ari zelarik bera arras zauriturik gelditu zen. Hor zinez urte ilunak ezagutu ditu! Bainan hor ere lehenbiziko urte arras ilun zonbait iragan ondoan nunbaitik harrapatu zuen ahala bertzeen laguntzeko.
Bere etxetik ez hain urrun aurkitu zuen jende herbelduak erroten gainean zabiltzanak elgartzen ziren etxe berezi bat eta harat juaiten hasi zen bertze herbelduekin zerbaiten ikastera.
Ez dakit berak zer ikasi duen bainan dakitana da Erramuntxok laster bere burua maitarazi duela, bertzentzat aski eskulan eginez beren egun guzietako harat hunatetan ibil moldea errexteko. Horiek denak bere arralleria goxoarekin lagundurik eskaintzen baitzituen laguneri. Ez da harritzeko lekuko berriketariak artikulu bat arras pollita agerrarazi baitu haren ohoretan.
Azken denbora hotan eritasunak garaitzen ari zuen eta aski pairaturik begiak hetsi ditu. Ehorzketak merezi zituen bezalakoak izan ditu, adixkide ainitz etorri zaizko, zonbait aski urrundik azken agur baten emaiterat. Bere adixkide eta herritar Johnny Kurutxet-ek agur bat hunkigarria eman dio pertsutan.
Ez adiorik Erramuntxo! Hirekin iragan oren goxoetaz orroituko gaituk.
Gelditzen diren emaztea eta semeak bere familiarekin onar ditzatela gure doluminak.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus