euskal diaspora eta kultura
2008/06/06
PUBLIZITATEA
Coleville, Kalifornia. Euskal historia eta kulturak abenturarekin bat egingo dute asteburu honetan Kalifornian, Little Antelope Pack Station enpresako Joe Cereghino euskal amerikarrak antolatu dituen jardunaldiei esker. Asteburuan zehar partehartzaileek egitarau mardulaz gozatu ahal izango dute: bi ibilaldi gidatu, Joxe Mallea-Olaetxe lertxun marretan adituaren mintzaldiak eta Gardnervilleko JT Basque Bar & Dining Room jatetxeko JB Lekumberryk prestaturiko euskal amerikar bazkari eta afariak, guztia Kalifornia eta Nevada arteko mugetan.
Jardunaldiak bihar eguerdian hasiko dira, bazkari batekin. Ondoren, Joxe Mallea-Olaetxe adituak ibilaldi bat gidatuko du. Mallea-Olaetxe Speaking through the Aspens: Basque Tree Carvings in California and Nevada liburuaren egilea da eta lertxun marrak, hau da, euskal artzainek amerikar mendebaldeko zuhaitzetan utzitako mezu eta marrazkiak, aztertu ditu urtetan. Indarrak berreskuratzeko partehartzaileek suaren inguruko euskal afari bat egingo dute eta ondoren nahi duenak kanpaldia egin ahal izango du Pack Station-eko zelaian, Coleville inguratzen duten mendietako Carson-Iceberg Wilderness parketik oso gertu.
Ondare euskalamerikarra ezagutzeko parada
Igandean, eguna kanpalekuan eskainiko den gosariarekin hasiko da eta ondoren Hari Mutil (Harri Mutil) gunera ibilaldia egingo dute. Harri Mutila artzain euskalamerikarrek bideak markatzeko erabiltzen zuten aspaldiko mugarria da. Ibilaldia erraza izango da eta honen ostean partaideek, arratsaldea parkeko inguruneak euren kaxa aztertzeko aukera izango dute.
Little Antelope Pack Station enpresak zaldi txangoak, trekking-a, arrantza eta ehiza egiteko aukera eskaintzen du, Carson-Iceberg Wilderness ingurunean uda eta udazkenean. Asteburuko ekitaldietan parte hartu nahi dutenek Joe Cereghino-ri deitu beharko diote (775) 315-6222 telefonora edo tiketak J.T. Basque Bar & Dining Room (1426 Highway 395, Gardnerville) kantina-jatetxean erosi. Helduentzako prezioa 75 dolarrekoa da eta heldu bakoitzeko 12 urteko neska-mutiko batek doan parte har dezake.
Enpresari buruzko informazio gehiago, hemen.PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus