euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Kaliforniako Los Banosek bere 59. Euskal Besta eta NABOren Biltzar Nagusia & 50. Urteurrena ospatuko asteburu honetan

2023/05/19

PUBLIZITATEA

Los Banos, Kalifornia, AEB. Kaliforniako Los Banos herria euskaldunen topakeku izango da asteburu honetan, ostiraletik iganderaino, NABOren 2023ko Biltzar Nagusia eta herriko Euskal Bestaren 59. edizioa egin eta ospatuko baitira. Maiatzaren 19tik 21era, nazio osoko euskal etxeetako ordezkariak eta euskal jendeak oro har, baita Europatik etorri gonbidatuak ere, aurtengo Los Banoseko elkarretaratze honek NABO sortu zuteneko 50. urteurrena ospatuko baitu, 1973an sortu baitzen Renon eginiko bilkuran.

Ekitaldiak gaur bertan hasiko dira goizeko 8etan, NABOren Urteko Biltzar Nagusiarekin. Herrialde osoko euskal etxeetako delegatuak dira deiturik eta gonbidatu gisa baita Eusko Jaurlaritzako ordezkariak ere, esan nahi baita Euskadiren Estatu Batuetako ordezkari Unai Telleria eta Kanpoan den Euskal Komunitateko zuzendari Gorka Alvarez Aranburu. Heiekin Benan Oregi (Lehendakaritza) eta Kinku Zinkunegi (Etxepare Euskal Institutua).

NABOk presidente berria

Bildutakoek hizpide izango dituzten gaien artean, NABOk aurtengo abenduan Euskal Herrian eginen den Euskal Gizataldeen Munduko Batzarrera igorriko dituen hiru ordezkariak hautatzea, eta NABOko presidente berria bozkatzea, izan ere egungo lehendakari Philippe Acheritogaray-k ez zela aurkeztuko jakinarazi baitzuen. Gauzak pentsatu bezala pasatzen badira, hautagai bakarra bertaratuko da, aski sostengurekin, Utah-ko Jean Flesher, egun Diasporako ordezkari ere badena Jaurlaritzako Aholku Batzordean, eta bera izango da Biltzarrak hautatuko duen presidente berria.

Piknik edo Euskal Bestaren programa, berez, larunbatean hasiko da, goizeko 7etan, izan ere, ordu horretan zabalduko baita Mus Txapelketan bikoteak izena emateko aukera, ondoren partidekin 8:30etan hasteko. Euskal Bestaren inaugurazio ekitaldia eguerdiko 12:00etan hasiko da, eta buru izango ditu Los Banoseko alkate Paul Llanez, eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak, bertako Euskal Etxeko presidentearekin. Ondoren, bazkari informala eta NABOren Txerriki lehiaketa.

Bertsolariak, dantzariak, musikariak... NABOri gorazarre

Euskal dantza emanaldiak larunbatean zein igandean, bertaratutako sei dantza taldeen eskutik garatuko dira, hala nola San Frantziskoko, Elko, Chino, Fresno, Boiseko Oinkari eta Los Banos bertako dantza taldeak partaide. Bertsolariak bertakoek eta Euskal Herrikoak izango dira, azken hauek Sebastian Lizaso, Aitor Mendiluze eta Xabier Paya, azken boladan Estatu Batuetako zaleen artera bidaiatzen ari diren bertsolariak, urrunago joan gabe iaz ere Kalifornian baitziren bertakoentzat kantari.

NABOren 50 urteak direla eta, zeremonia berezi bat egingo da 15:00etatik aurrera, NABOri gorazarre, eta mende erdi honetan Estatu Batuetako euskalgintza eta euskal ondarearen zabalkunde antolatua ahalarazi izan duten jendeak gogoan. Ekitaldiaren ondotik, euskal jendeen arteko elkarretaratzeak eta lagun zahar eta berriak agurtzea muina izango duen iluntzealdia, Wool Growers jatetxean eta honen kanpoaldean, erromeriarako musika eta erritmoak 'Amerikanuak' talde euskal-amerikarrak ipiniko dituela.

Euskal meza online eta Euskaldunak II Mundu Gerran

Igandean mezak emango die 9:30eta hasiera ekitaldiei, bertako apezpiku emeritu Armando Xavier Ochoak eta Aita Antton Egigurenek, AEBko euskaldunen omonierak, elkarrekin emanik. Meza zuzenean zabalduko da internetez Estatu Batuetako Artzai Ona elkarte katolikoaren Facebook orialdetik, bertaratu ezin dutenek jarrai dezaten, eta prozesioa, bertsolariak, klika, dantzari eta kantariak izango ditu lagun. Ondotik bertako aizkolarien erakustaldia, herri-bazkaria eta euskal opari, eskulan eta artikuluen saltokiak, baita janaria eta edaria ere.

Bilkurako osagai izango diren beste kitzikagarri batzuk, Kaliforniako euskal historiari buruzko erakusketa izango dira, BEOren (Basque Educational Organization) eskutik eta Boiseko Euskal Museo Kultura Etxea egile. Eta zenbait panel, euskaldunek II Mundu Gerran izan zuten partaidetza nabarmenduz, Sancho de Beurko Fundazioko Pedro Oiarzabal ikertzaileak prestaturik. Oiarzabal Los Banosen da egunotan, bere ikerlanen emaitza erakutsiz eta sostengu bila ikerketa bururatu ahal izateko, baita hortik atera daitekeen Nazio Mailako Monumentu bat eraikitzeko ideiaren inguruan ere, euskaldunen ekarpen horren eta posible egin zuten gizon-emakumeen gorazarre.

-Los Banoseko 2023ko Euskal Bestaren programa



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia