euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Kaliforniako gobernadoreorde John Garamendi Euskal Herrian da; Ibarretxerekin bilduko da gaur arratsaldean

2007/10/16

Garamendi, hirugarrena ezkerretik, atzo EHUko Leioako kanpusa bisitatu zuelarik, Campos sailburua eta Perez Iglesias errektorearekin
Garamendi, hirugarrena ezkerretik, atzo EHUko Leioako kanpusa bisitatu zuelarik, Campos sailburua eta Perez Iglesias errektorearekin

PUBLIZITATEA

Kaliforniako gobernadoreordea, John Garamendi euskal jatorriko politikari demokrata eta bere emazte Patty Euskal Herrian dira bisitan, Guggenheim Museoaren hamargarren urteurrena dela-eta antolatutako ekitaldietan parte hartzeko. Eusko Jaurlaritzatik eginiko gonbidapena aintzat harturik, Garamendi Izaskun Bilbao Eusko Legebiltzarburuarekin eta Josu Jon Imaz EAJ-PNVko presidentearekin bildu zen atzo goizean, eta arratsaldez Tontxu Campos Hezkuntza sailburuarekin eta EHUko errektorearekin eta Guggenheimeko 10. urteurreneko gala afarian hartu zuen parte, euskal gizarteko hainbat ordezkarirekin batera. Gaur arratsaldez Ibarretxerekin bilduko da Gasteizen Lehendakaritzan.
Kaliforniako gobernadoreordeak egitarau trinkoa eraman zuen atzo eta goizeko lehenengo orduan Josu Jon Imaz EAJko presidentearekin bildu zen Bilbon, geroago Izaskun Bilbao Legebiltzarreko presidentearekin bildu zen eta honek Legebiltzarreko berri emanez ibiltari dabilen autobusa erakutsi zion, besteak beste.

Arratsaldez, berriz, Garamendi Euskal Herriko Unibertsitateko Leioako kanpusera joan eta Tontxu Campos Hezkuntza sailburua eta Jose Ignacio Perez Iglesias errektorea gidari haiekin jardun eta zenbait instalazio bisitatu zituen, bereziki Ingenieritza Kimikoan egiten diren lan eta ikerketez interesaturik. Iluntzean, Garamendi eta emazte Patty Bilboko Guggenheim-ek bere 10. urteurrena dela-eta antolatutako galako afari eta elkarretaratzean izan ziren, Euskal Herriko mundu sozial, politiko eta kulturaleko hainbat ordezkarirekin batera.

Gaur arratsaldez Ibarretxerekin bilduko

Ofizialki Guggenheimeko ekitaldietan parte hartzeko heldua den Garamendi, jatorri amerikarreko Museoaren euskal adarrak gonbidaturik, ongi baliatzen ari da bisita egitarau bete eta estua aurrera ateratzeko, tartean zientzi-, enpresa-, hezkuntza-, eta politika-kontaktuak eginez. Azken hauei dagokienez, gaur arratsaldean, seietan, Ibarretxe lehendakariarekin biltzekoak dira Gasteizen, Lehendakaritzan, Jaurlaritzako Industria sailburu Ana Agirre ere bertan dela.

Garamendik eta Miren Azkarate Jaurlaritzako Kultura sailburu eta eledunak joan den otsailean izan zuten elkarrekin biltzeko aukera Kalifornian, biak San Frantziskoko Euskal Etxearen 25. urteurreneko ekitaldian partaide zirela. Aurretik ere Euskal Herrian behin baino gehiagotan izana den Garamendik begi onez ikusi zuen orduan Jaurlaritzako eledunak bere aitite lekeitiarraren lurra bisitatzeko eginiko eskaintza, gauzak zehazteke. Aukera, Guggenheimen urteurrenaren eskutik etorri da.

Ibilbide politiko aberatseko pertsona

John Garamendi iazko hauteskundeetan hautatu zuten Kaliforniako gobernadoreorde. Kargua aurtengo urtarrilean zin egin ostean, gogor ekin dio lanari. Izan ere, postu horri indar, eduki eta proiekzio berria ematetik letorkiokeen oihartzun eta presentzia mediatikoa zein popularitateak ezinbestekoak izango zaizkio politikan urrats berriak emateko. Inork gutxik zalantza egiten du bere helburu politikoa 2010eko hauteskundeetan Kaliforniako gobernadore bilakatzea denik, lehenik primaria demokratak irabaziz eta ondoren errepublikanuei egun Schwarzenegger medio bereganatua daukaten estatu honetako gobernadoretza kenduz.

Aurretik ere ibilibide oparoa duen kaliforniar hau Kaliforniako bi ganberetako hautetsi izandakoa da --Ordezkari Ganbera eta Senadukoa hain zuzen--, baita estatuko lehenengo Aseguru eta Gizarte Segurantzako Batzordeburu, azken postu hau ere kaliforniarrek hauteskundeetan hala erabakirik. Washingtonen, Clintonen Administrazioan, Barne estatu-idazkariorde izan zen (ministro-ordea Europako terminologian) eta berriz ere Aseguru eta Gizarte Segurantzako Batzordeburu hautetsia, iazko hauteskundeen ondoren gobernadoreordetza lortu zuen arte. Euskal-amerikar edo euskal jatorriko amerikartzat dauka Garamendik bere burua.


Lotura interesgarriak

Garamendik San Frantziskoko Euskal Etxea bisitatu du
2007ko otsailaren 23an EuskalKultura.com-en argitara emana

Garamendi, euskal jatorriko Kaliforniako lehen gobernadoreordea
2006ko azaroaren 8an EuskalKultura.com-en argitara emana

John Garamendi, injestetan faborito
2006ko azaroaren 6an EuskalKultura.com-en argitara emana

John Garamendi irabazle primarietan
2006ko ekainaren 9an EuskalKultura.com-en argitara emana

John Garamendi primarietan hautagai
2006ko martxoak 13 EuskalKultura.com-en argitara emana

Garamendik gobernadoreordetzara aurkeztuko dela dio
2004ko urriaren 2an EuskalKultura.com-en argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia