euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Kaliforniako gobernadoreorde John Garamendi demokratak gobernadorerako bere hautagaitza aurkeztu du

2008/08/05

John Garamendi politikari euskalamerikarra (arg. EuskalKultura.com)
John Garamendi politikari euskalamerikarra (arg. EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Inor gutxi harritu duen erabakia bada ere, orain ofiziala da: John Garamendik 2010eko hauteskundeetan Kaliforniako gobernadore izateko bere hautagaitza aurkeztu du, bere bizitza osoko erronkarik handienari ekinez. Estatu Batuetako Utah-ra emigratu zuen Saturnino 'Sam' Garamendi lekeitiarrak nekez sinetsiko zuen urteak pasatuta bere biloba batek AEBetan eta mundu mailan ere agintari boteretsuenetako bat bilakatzeko aukera izango zuenik. Bere bizitza politikoko 'egiaren unea' du honakoa egun gobernadoreorde hautetsia den Garamendik. Eta, gauzak ongi bideratzen baditu eta bere abilezia eta gaitasun guztia lanean jartzen baditu kartak baditu partida hau jokatzeko. Ikusiko al dugu iaz bertan San Frantziskoko Euskal Etxean zapi gorria lepoan zebilen euskal-amerikar hau Sacramentoko Kapitolioko buru?

San Frantzisko, Estatu Batuak. "Idazten dizut, Kaliforniako Gobernadore izateko aurkeztea erabaki dudalako eta zure laguntza ezinbestekoa dudalako arrakasta izan dezadan". Honelaxe hasten da John Garamendik milaka, ehun milaka kaliforniarrei e-mailez zein posta arruntez bidali dien mezua. Egungo gobernadore Arnold Schwarzenegger estatuak eta herrialdeak bizi duen krisi larri eta sakonari aurre egiteko asmotan neurri gogorrak iragartzen zituen egun berean, Garamendik hasiera eman dio Sacramentoko Kapitolioko haren aulkia eskuratzeko lehiari. Jatorri lekeitiarrekoak ez du erraza izango, hau politika bere mailarik bizienean, nahasienean eta konplexuenean baita, hainbat film eta telesailetako joko eta lasterketa politikoa, boterea, dirua, babesak eta baliabide guztiak zilegi dituen eta hitz handiz idazten den Politika. Baina honi guztiari buruz badaki Garamendik, maila apalenetik hasita izana baita jadanik estatuko biltzarkide eta senadore, Kaliforniako gizarte segurantza arduradun (Insurance comissioner), Estatu Batuetako Barne ministro orde (deputy secretary of Interior) Clinton-ekin, eta egun Kaliforniako gobernadoreorde.

Bere kanpaina, bere bizitza politikoan behin eta berriro azaldu dituen sinesmen eta proposamenetan oinarrituko du. Bere programak aldarrikatzen duenez, Kaliforniako motor ekonomikoa berrabiarazi nahi du, hezkuntza eta formakuntzari balioa eta garrantzia emanez, lanbide eskola eta unibertsitateei baliabide berriak emanez, innobazioa bultzatuz; bere proposamenetan klasikoa, gizarte segurantza sistema unibertsala nahi du ezarri [egun Kalifornian eta Estatu Batuetan osasun zerbitzua pribatua da, jende askorentzat eskuraezina, oso garestia eta negozio gisa antolatua]; neurri ekologikoak, petrolioan oinarritutako ekonomia energia berriztagarrietan oinarritutako ekonomia bilaka dadin; egiturak klima aldaketari aurre egiteko moldatzea; gizartean ahulen direnei zaintza eta babes neurriak aplikatzea; natur balioak eta iturriak babestu eta iraunaraztea. Garamendi dixit.

Bere lehenengo agirian, John Garamendik "urrezko amets kaliforniarra" berreskuratzera deitzen ditu herritarrak. Eskatu ere, ahal duen hautesleari, 10 dolarreko ekarpena eskatzen dio, bere kanpaina "adreiluz adreilu" eraiki ahal izateko. "Adreiluak nire kanpainaren oinarrian daukazun toki ordezkaezina adierazten du", esaten dio. "Gure indarra hazten joango da, zeuk beste hamar lagun biltzen badituzu geure ekipora, eska iezaiezu sinatzea eta bidali hamar dolarrak eta hamar lagun gehiago horien zerrenda", aipatzen du, "hamarnaka hamarnaka, irabaziko dugu 2010ean", amaitzeko: "Elkarrekin dizdira berreskuratuko diogu 'urrezko estatuari' [honela ezagutua da Kalifornia, the golden state gisa] geure haurrentzat eta etorkizunari aurrez-aurre begiratuz". Lasterketa hasia da, alderdikide demokratak komentzitu behar ditu lehenik. Kontrakoak ere izango ditu --izan ditu orain artean--, hasteko osasuna eta aseguru arloko industria boteretsuak. Konplikatua, baina ez gertaezina.

Lotura Interesgarriak

Garamendiren kanpainako webgunea
www.garamendi.org



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia