Bilbo, Bizkaia. Azkenaurreko eguna atzo, Bilboko Euskalduna jauregian egiten ari den Euskal Gizataldeen VII. Mundu-Batzarrean, eta gogoeta eta lan-saioekin batera, inaugurazioa hiriko Euskal Museoan, Kaliforniako euskaldunek estatu honen historian izan duten partaidetza aberatsaz. Gaur Gasteizko Lehendakaritzan, Mundu-Batzarraren amaiera ekitaldia, Urkullu lehendakaria buru, eta Omenaldia, Eusko Legebiltzarrean, Jaurlaritzaren eta Diasporaren arteko harreman guztien hastapenean dagoen 8/1994 Legeari.
Euskal historia euskaldunak eta euren ondorengoak protagonista dituen historia bada zalantza izpirik gabe esan daiteke Kaliforniak euskal historia aberatsa duela, hastapen-hastapenetik; edo, zahatzago esanez, eskualde zabala mendebaldeko esploratzaileen bisitak jasotzen hasi eta mapetan agertzen hasi zenetik, lehenengo Espainiako koroaren pean, Mexikoko parte gisa ondoren, eta AEBetako estatu gisa azkenik, 1848ko Guadalupe Hidalgoko Hitzarmenetik aurrera.
Historia horren isla eta zabalkunde lana egiten du atzo, Kanpoan diren Euskal Gizataldeen VII. Mundu-Batzarreko programaren barnean, Bilboko Euskal Museoan inauguratutako erakusketak, Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Marian Elorza, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendari Gorka Álvarez eta erakusketaren atzetik dauden itsasoaren bi aldeetako euskal erakunde eta egileak bertan, tartean Eusko Jaurlaritza, Boiseko Euskal Museoa eta NABO.