Festa handia prestatu du Chinoko Centro Basco jatetxeak larunbat honetan bere 75. urteurrena ospatzeko. Egunpasa eta afari goxoa egingo dute bertan betiko bezero eta lagunekin, Euskal Herriko 'Holako' musika talde lapurtarrak alaituta. Berterretche familiak, gainera, 45 urte egiten ditu jatetxearen kargu eta hori ere behar den moduan ospatuko dute Monique Berterretchek eta egun negoziaren ardura duten Bernadette eta Joey seme-alabek.
Chino, AEB. 75 urte bete ditu Chinoko Centro Basco jatetxeak bertako euskaldunei --eta euskaldun jatorridunak ez direnei ere, noski-- euskal sukaldaritza klasikoa eskaintzen. Etxeko janaria, etxetik urrun direnentzat eta euren familientzat. Urteurrena ospatzeko, egunpasa, pilota partidak eta festa eta afari herrikoia antolatu dute jatetxeko jabeek, Berterretche familiak.
Afaria larunbat honetan egingo da eta pilota partidekin hasiko da, jatetxeko kantxan. Ondoren, musika eta dantza erakustaldia egingo da, Chinoko bertako Gauden Bat taldeko dantzariekin. Afaria kalean egingo da, aspaldiko moduan, eta menua honako osagaiak izango ditu: errekia, garbantzuak, lukainka, entsalada, ogia eta gazta. Afarian jatetxearen argazki historikoekin eginiko slideshow bat erakutsiko da.
Afalostean dantzaldia egingo da frontoian, Euskal Herritik ekarritako Holako taldearekin eta DJ batekin. Erreserbak egiteko deitu (909) 628-9014 telefonora edo ikus jatetxearen webgunea.
75 urteko historia
Centro Basco ostatua 1940. urtean eraiki zuten Jean Baptiste eta Grace Robidartek, Chinoko Central Avenue kalean. Handik gutxira frontoia gehitu zioten eraikinari, euren bezeroei pilotan jokatzeko leku bat eskaintzeko. 1947an Robidartarrek Valentin eta Victoria Juarenari saldu zioten. Hauek tarte labur bat baino ez zuten egin Centro Bascoren kargu, hamar hilabete soilik, eta Ben eta Melanie Sallaberryri saldu zieten.
Sallaberrytarrek hainbat urtetan izan zuten negozioa, beste batzuei alokatuta. 1970an Monique eta Peio Berterretchek hartu zuten eta gaur egundaino Berterretche familiaren eskuetan segitzen du, bizi-bizirik eta aktibo inguruko euskaldunen, euskaldunen lagunen eta euskal janari-moldeen lagunen biltoki eta erreferentzia.