euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Kaliforniako Bakersfield-en bildu dira Ameriketako eta EHko Etxamendi anai arrebak, Ezterenzubi Mendiburukoak

2010/05/04

Etxamendi haurrideak Eñauten urrezko ezteien karietara Bakersfield-en egin elgarretaratzean (argazkia Mattin Etxamendi-Herria)
Etxamendi haurrideak Eñauten urrezko ezteien karietara Bakersfield-en egin elgarretaratzean (argazkia Mattin Etxamendi-Herria)

PUBLIZITATEA

Kaliforniako Bakersfield-en bildu dira Ameriketako eta Euskal Herriko Etxamendi haurrideak, Ezterenzubi Mendiburukoak. "Denbora nola daien! Aspaldiko ixtoria dela iduri luke Ezterenzubi Mendiburuko familiatik lehenbiziko haurra edo gaztea Ameriketarat juan zela. 1949 agorrilaren 24 zen Manez anaia zaharrena etxetik abiatu zela delako Amerika hartarat buruz eta gaur gibelerat begiratu eta iduritzen zaut berrikiko gertakari bat dela; urteak juaiten dira ohartu gabe! Urteak joan eta urteak jin Mendiburuko familiatik bost haurride joan ziren Ameriketarat, azkena 1961 buruilean eta geroztik denak han bizi dira". Honela hasten da Arizonatik Martin Etxamendik Herria astekariaren azkeneko alean idatzi digun kronika, haurrideak ameriketaratu zirela 60 urte baino gehiago joan direnean, Euskal Herrian gelditu zen Eñaut anaiaren urrezko ezteien estakuruan bizirik diren sei anai-arrebok Ameriketan bildurik.

Martin Etxamendi/Bakersfield, AEB. Manez lehenik juan zen Arizonako estaturat bere aitaren anaia bat «otto Eñaut», Arizonako artzaina baitzen eta ardura gertatu den bezala bere iloba bat eremanarazi baitzuen artzain, berdin Euskal Herrian gertatzen den bezala familiako izen bera artaldearekin jarraikaraziz Arizonako basa mortu eta mendi haundietan.

Urte zonbait osabarentzat artzain egonik Manezek eta bere auzoko Juanes Arriaga Ezterenzubi Ottarreneko semeak beren artaldea erosi zuten eta xoria bezain kontent bi adixkideak abiatu ziren Arizonan beren artaldearekin, mendebaleko euskaldun artzainen ixtorioa aintzina jarraikaraziz.

Gazte gaztetik biak arras adixkideak ziren, eta biak ahantxu batean juanak Arizonarat. Elgarrekin ardiak erostearekin biak loriatuak ziren beren eginbideaz.

Manezek erraiten du bultaka zernahi lan egin behar ukaiten zutela, bainan elgarrekin zonbait arralleria eta irri ere badutela eginik. Arratsetan mendi zabal ixil hetako gau eztiak kantuz xoratzen zituztela. Bortuari alegrantzia batekin bizi berri bat kuraiaz betea sendiaraziz.

Urte zonbaiten buruan 1959 ekainaren seia Manezek hartu zuen Louisa Flagstaff Arizonako andere gaztea espos laguntzat. Bi gazteak artalde batekin hasiak zirenak orai bazituzten bi artalde, eta Manez ezkontzearekin pentsatu zuten behar zutela bakotxak bere gain joan ea ondoko larrazkenean biak berexi ziren, bakotxa bere artaldearekin geldituz.

Geroztik biak artzaingotik bizi izanak dira, Manez orai lauetan hogoi urtetarat hurrantzen ari da bainan oraino bere artaldea badauka. Artalde bat arras maite duena. Juanes duela zonbait urte bihotzeko ukaldi batek ereman zuen. Biak beti arras adixkide egonak dira.

Euskal Herrian gelditu zen anaia Eñaut Etxamendi, urte berean ezkondu zen Tolosa herrian Jenny andere gaztearekin. Geroztik, mende erdi bat juan da eta pentsatu dute behar zutela Bakersfield Kalifornian elgarretaratu sei aurrideak elgarrekin urrezko ezteien ohoratzeko. Zoritxarrez zazpigarren arreba, Kattalin, Lecumberri Menddiko Etxekandereak begiak hetsi zituen duela zonbait urte. Gelditzen diren seiek, familiako elgarretaratze bat egin dute Anne Marie arrebaren etxean, jendaki eta adixkide zonbaitez lagundurik.

Beren egun ederra euskaraz kantatu meza batekin hasi dute arrebaren etxe aintzineko zuhaitzen azpian. Meza emailea apeza eta adixkidea Father Graig Amerikanoak ez du eskuararik mintzatzen bainan arras gustatzen zaizko euskaraz kantatu mezak, euskal kultura arras maite du.

Meza bururatzean Graig apezak sei bikoteak elgarrekin buruz buru ezarri ditu eta ezkontza berritze bat eginarazi deie. Hori hemengo usaia bat da. Ondotik, Johnny Kurutxet Mendiburuko auzoa eta adixkideak pertsu batzu kantatu ditu egun horren karietara. Gero, denak gaitzeko giro goxoan egon dira elgarrekin.

Han ziren jende multxoan denak kantua maite dutenak baitziren, gure euskal kantuek ez dute huts egin. Han kantatu diren xaramela zonbaitzuk ereman gaituzte (naski amentsetan) berriz Baxaxaharreko xokoraino, denboran han iragan ogi joiteak, arto xuritzeak edo herriko besta egunak, berriz biziarazi dauzkigute.

Eta bixtan da Ezterenzubiko mendi eder eta bazter xoragarriek hartu dutela aipa aldi onik.

Guzien haurrak eta haurren haurrak han ziren «urrezko eztei doblen» airosteko.

Agur zueri Manez eta Louisa, Eñaut eta Jenny. Atxik hola hola osagarri eta omore on hori ainitz urtez, berriz ere elgarretara gaiten atseginekin.

Martin Etxamendi

P.S. Ni ere gonbitatua nintzan!



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia