euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ipar Kaliforniako Euskal Besta eta NABO Kantari Eguna egin ditu asteburuan Rocklin-eko Euskal Etxeak

2008/10/16

Kaliforniako (AEB) Rocklin-eko 'Iparreko Ibarra' EEko dantzariak, Andrew Goyhenetche banderari (argazkia Yvonne Goyhenetche)
Kaliforniako (AEB) Rocklin-eko 'Iparreko Ibarra' EEko dantzariak, Andrew Goyhenetche banderari (argazkia Yvonne Goyhenetche)

PUBLIZITATEA

Egun polita, iragan larunbatean, urriak 11, Ipar Kaliforniako (AEB) Rocklin-eko 'Iparreko Ibarra' Euskal Etxeak deiturik Marysville ondoko Lincoln herrian egin dena. Tokiko Euskal Etxe gaztearen ohiko euskaldun bestarekin bateginik, NABO Kantari Eguna antolatzea ere bere gain hartu dute Rocklin-eko euskaldunek, lehen aldikoz. Eta eguna xarmantki joan da, orotara afaltzeko 230 presuna bildu direlarik, tartean goizean mus txapelgoan arizan, eta bazkalondoren Kantari Egunean arizan haur, gazte eta helduak. Kluba hasi zutenetik gertatu bezala, familia giroko elgarretaratzea da hemen egiten dena, haur eta gaztetxo frango bildurik, eta anitx urtez!

Rocklin, Kalifornia, AEB. 'Iparreko Ibarra'ren III Besta mus txapelgoarekin hasi zen iragan ibiakoitzean, goizeko 9etan, Jean Baptiste Bidegaray txapelgo koordinatzaile. 17 bikote lehiatu ziren buruz-buru plaka eta diru sariaren ardiesteko.

Irabazle, Juan eta Nicolas Viscay aita-semeak, eta bigarren Emile & Jeanne Goyhenetche senar-emazteak. Haur txapelgoa ere egin zen, bost bikote lehian. Irabazle Andrew eta Alex Goyhenetche anaiak izan ziren, bigarren Erica Fosse eta Elise Etcheverry kusiak.

Euskal Besta & Kantari Eguna 2008 (4)

[2008ko Mus Txapelketako txapeldunak, Nicolas eta Juan Viscay aita-semeak, ezkerrean; bigarren, Emile eta Jeanne Goyhenetche senar-emazteak, eskuinean]

Euskal Besta eta Kantari Eguna 2008 (5)

[Mus txapeldunak gaztetxoen sailean: irabazle, Andrew eta Alex Goyhenetche anaiak; bigarren, Erica Fosse eta Elise Etcheverry kusiak]

Kantari Eguna eta bertsulariak

Euskal Besta & Kantari Eguna 2008 (2)Bazkaldu ondoren, 2:30ak irian, Kantari Eguna hasi zen --Kantaldi Eguna ere deitu zuten-- eta hortan Martin Etchamendy ezterenzubiarra izan zen koordinatzaile eta zuzendari. 130 bat jende ziren ekitaldi hastapenean, eta 230 gonbidatu afaltzeko tenorea heldu zelarik. [Ezkerreko argazkian, Ambroise Carke-Curutchague kantari, ondoan Martin Etchamendy aurkezlea so duela]

Kantari gazte eta xaharrekin batera, bertsulariak ere bildu ziren, hala nola Renoko Juan Goñi eta San Franciscoko Johnny Kurutxet. Dantzariak, 'Iparreko Ibarra'-ko dantzariak, RoseMarie (Etchamendy) Caballero zuzendari, eta San Franciscoko Zazpiak Bat-ekoak.

Euskal Besta & Kantari Eguna 2008 (3)

[Rocklin-eko 'Iparreko Ibarra' Euskal Etxeko dantzari gazteak]

Afaria eta Jean Flesher musikari

Afaria, bildoski eta oilasko BBQ, plazerez prestatu zuten euskal etxeko menbroek, garbanzoa, ilarrak, gaxna, 'aiskrima' eta arnoa ere barne.

Gostian afaldu eta gero, dantzaldia eta musika Utah-ko Jean Flesherrek ekarri zuen, Renee Caballero atabalari. Lan ederra egin zuten guziaren prestatzen 'Iparreko Ibarra' euskal etxeko familia eta kideek.

'Lan guzia ongi da, jendea gostian ikusirik'

Noel Goyhenetche da klubeko lehendakari, Pat Torpey lehendakariorde, Allyn Terpstra eta Yvette DeGuero idazkari, eta Gilbert Petrissans diruzain. Zuzendariak, RoseMarie Caballero, Janine Griesemr, Ophelia Torpey eta Michael Uro. Eta heiekin batera, hainbat laguntzaile eta langile fin.

Noel Goyhenetche lehendakariak EuskalKultura.com-i erran bezala, "guretako eguna lanean gogor, baina ederki joan zen. Lan guzia ongi da ikusirik hainbeste jende gure kultura eta euskaldun izaitea ospatzen, eguna elgarrekin goxoki pasatzen, familia eta lagun artean".

LOTURA INTERESGARRIAK

Rocklin-eko Euskal Etxea
www.nabasque.org/Members/Rocklin

NABO webgunea
www.nabasque.org

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia