euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Kalifornia Hegoaldeko Euskal Etxeak urteroko jaia ospatuko du igande honetan, Chinoko zelaietan

2014/07/02

68. urtez ospatuko du Southern California Basque Club-ek bere piknik eta euskal jaia (argazkia Mike Aguerre)
68. urtez ospatuko du Southern California Basque Club-ek bere piknik eta euskal jaia (argazkia Mike Aguerre)

PUBLIZITATEA

Igande honetan, uztailaren 6an, urtero antolatzen duen euskal piknik eta jaiaren 68. ediziora iritsiko da Southern California Basque Club. Hego Kaliforniako euskal etxerik zaharrena den elkarte honek 400 lagun inguru batu zituen iaz festara eta “antzeko jende kopurua espero dugu aurten ere”, adierazi dio Mike Aguerre antolatzaile taldeko partaideak Euskalkultura.com-i.

La Puente, AEB. Eguna Javier Altuna josulagun azpeitiarrak euskaraz eta ingelesez emandako mezarekin hasiko da, goizeko 10:30ean. “Berrogoi urtetarik goiti darama Altunak inguru huntan lanean”, esan digu Aguerrek. Eguerdi aldera haragi-xerrak banatuko dituzte, bertaratutakoek bazkal dezaten eta, horren ostean, Chinoko Euskal Etxeko hiru dantza taldeek emanaldia eskainiko dute, helduen Gauden Bat taldearen dantzaldia azkena izango delarik.

Arratsaldeko 18:00etarako Euskal Etxeko kideek barbakoan egindako 17 bildotsen haragia jateko puntuan egongo da. “Guk erositakoak eta Labrucherie familiak hazitakoak dira”, Aguerreren berbatan. “Azken sei urteetan horrela egin izan dugu”.

Utah-ko Salt Lake City-tik etorritako Jean Flesher-ek eta bere bandako musikariek afalosteko giroa berotuko dute, gauerdira arte, euskal-amerikarren abesti eta dantza-aire klasikoekin.

Honetaz gain eta urtero izan ohi den legez, mus txapelketa ere egingo dute, meza ostean. 20 dolar ordaindu beharko ditu parte hartzaile bakoitzak eta diru guztia bikote irabazleak eramango du etxera. Iaz, 20 talde inguruk jokatu zuten.

Southern California Euskal Etxeak 60 bazkide ditu eta piknikean “denek egiten dugu zerbait”, Aguerreren hitzetan. “Batzuk janaria prestatzen dute, beste batzuk zerbitzatu edo tabernan tragoak prestatu”. Gaur egunean Chinon bizi dira gehienak, ez La Puenten, garai batean bezala. Horregatik bazkide asko Chinoko Euskal Etxeko bazkide dira baita ere.

Piknika igandean da, baina aurreko egunean prestaketa lanetan arituko dira antolatzaileak. “Larunbata sukaldatzeko eguna dugu eta igandean lan egitekoa. Aurreko egunean izaten dugu guk festa”, esan du Aguerrek. “Dibertigarria da. Asko gustatzen zait asteburu hau”.

Hiru dira Kalifornia Hegoaldeko Euskal Etxeak antolatzen dituen plan nagusiak: urtarrileko Memorial Mus Txapelketa, oraingo asteburu honetako piknik eta festa eta abuztuan, Chinon, ospatzen den Demolition Derby kotxe ikuskizuna. 5.000 lagun inguru bildu ohi dira azken horretara eta bazkaria prestatzen dute La Puentekoek. Hanburgesak, hot-dogak eta lukainka zein txorizo ogitartekoak prestatzen dituzte, euren presentziarekin ukitu euskalduna emanik jaiari.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia