Hautatu bezain laster jakinarazi dizkiote buletin honi Necocheako Euzko Etxea-ko gazteek Hator Hona-ren aurtengo edizioan parte hartuko duten bost lagunen izenak. Gazte Alai dantza talde necocheatarreko kideek kudeatzen duten programa uztailaren 15etik abuztuaren 7ra arte luzatuko da aurten, Necochean Euskal Herriko hainbat kultural adierazpen zabaltzeko asmoarekin, tartean euskara, dantza, musika eta kirola.
Necochea, Argentina. Necocheako Euzko Etxeak eta bereziki erakundeko gazteek antolatutako Hator Hona programa uztailaren 15ean jarriko da abian, aurtengo Euskal Aste Nazionalaren egoitza ere izango den kostalde argentinarreko Necochea hirian. Hiru astetan zehar, Euskal Herritik etorritako bost gaztek euskal kulturarekin lotura duten hainbat ekintza eskainiko dituzte euskal elkartean, urtean zehar instituzioan lantzen diren gaietan sakonduz.
Hau exek izango dira 2016ko partaideak: Beasaingo Amaia Alvarez Etxeberria, Andoaingo Mikel Arruti, Segurako Alaitz Imaz Arrondo, Lazkaoko Maite Murgia Ioldi eta Mungiako Julene Otegi Beldarrain. Antolatzaileen taldeko ordezkari den Marcial Agostini Zubillagak EuskalKultura.com-i azaldu dionez, “urtero egiten dugun legez, tailerrak binaka emango dituzte eta programa eta ordutegia beraiekin adostuko dugu. Eskainiko dizkiguten gaiak euskara, dantza, musika (trikitixa, pandero, txalaparta) eta kirolak izango dira”.
Urteroko ildoari jarraituz, partaide bakoitzak bere gain hartuko ditu hona etortzeko bidai-gastuak, eta ostatua eta janaria, berriz, euskal etxearen kontu izango dira. “2016 honetan ere hamaika gutun jaso ditugu, zein baino zein politagoa” adierazi digu Marcialek; “Euskal Herrian ez dute batere irudikatzen zer nolako ohorea den guretzat, gure euskal etxearentzat, hain erantzun polita izatea. Berriro ere har ditzakegun baino lagun gehiagok idatzi digute; zoritxarrez ezin diegu guztiei baietz esan; hala ere, guztiei bai esan nahi diegu gure ateak beti egongo direla irekita etorri nahi duenarentzat”, azpimarratu digu Euzko Etxea-ko ordezkariak.
Berriak eta informazioa eguneratua ekimenaren blogean (Hator Hona) eta Hator Hona programaren Facebooken (Proyecto Hator Hona) argitaratuko dira.