Noumea, Kaledonia Berria. Euskal besta tenorea dute bihar Kaledonia Berriko Noumea hiriburuan, 'Feria dex Furieux' (Suminduen Jaia) delako besta-hitzordua finkatu baitute, bertako Pierre Goyetche estaligabeko pilotalekuan. Elkarretaratzeko antolatzailea bertako L'Amicale du Pays Basque et Sud Ouest elkartea da, eta hau urtero antolatzen duen hiru festa nagusietako bat da, besteak uztail aldean Baionako Pestak eta urrian Mahats-Biltzearena direla.
Berrogeita hamar urtetik gora dituen batasuna da L 'Amicale du Pays Basque et Sud Ouest, adierazi dio Euskalkulturari elkarteko kiroletako koordinatzaile den Chantal Larrondo baigorriarrak. Pandemiak eragin izan du azken bi urteotan hemen ere, baina iazkoan besta hau, bi konfinamendu garai artean tokatu zen eta egin ahal izan zen, aitortu digu, azaldurik elkarteak 120 bat kide eta sei mila bat jarraitzaile dituela.
"Biharko eguna aukera bat izango da euskal besten zale diren guztientzat, Pierre Goyetche konplexuan bildu eta egun atsegina pasa dezaten, tabernan lagunekin elkartu eta euskal giroa bilgarri kantu batzuk kantatu eta fandango bat dantza dezaten", laburbildu du.
Apirilaren 30eko egitaraua
-13:00etan, jokoetarako izen-ematea
-Besta eta animazioa Malawi txaranga eta DJ Bask-ekin
-Sarrera 1000 libera, kontsumizio bat barne, aldez aurretik erosita
-Sarrera 2500 libera, paella eta kontsumizio bat barne, aldez aurretik erosita
-Sarrera 3000 libera, egun berean erosten bada
-sarrerak Etchekhan pilotalekuan salgai
-Arratsaldean janari azkarra salgai: pizza, chicken chips eta sanwitxak
Pierre Goyetche pilotalekuaren kokapena: Conett eta Sauvan karriken gurutzean.