Macachin, Argentina. Lehenengo gonbidatuak ostiral iluntzean iristen hasi baziren ere, ospakizuneko ekintza nagusiak larunbat eguerdiostean hasi ziren La Pampa probintziako Macachingo Euskal Etxean. ‘60. Urteurreneko Pilota Txapelketa’n, Coronel Pringles, Bahia Blanca, General Pico, Macachin eta Coronel Dorrego hirietako pilotariek hartu zuten parte. Txapela, ordea, etxean geratu zen irabazleak Macachingo Cristian Gebel eta Amilcar Cancina izan zirelako.
Urteurren programa barruan eskaini ziren beste hainbat proposamenen artean, Euskal Etxearen historiari buruzko argazki eta jantzi erakusketa ere antolatu zuten pampatarrek.
Larunbateko kaleko ekintzak 7ak aldera hasi eta goizaldeko ordu batean bukatu ziren. Arantza Soraluce sukaldari ospetsuak piperrada eta patata-tortilla prestatu zituen publikoaren aurrean eta behin klase praktikoa bukatuta publikoak prestatutako menua dastatu ahal izan zuen. Aldi berean, kalean, etxekoek txosnak muntatu zituzten, Euskal Etxearen oroigarriak eta euskal platerak saltzeko. Kale ikuskizunak ere eskaini ziren; hiru musika taldek jo zuten eta Gure Ametza dantza taldeak eta herriko folklore argentinarreko talde batek dantzatu zuten.
[Euskal Dantzak Euzko Alkartasunaren 60. urteurreneko jaian]
Biharamunean, 60. urteurreneko meza ostean, Euskal Etxeak omenaldia egin zien erakundea sortu zutenei. Egoitzaren aurrean eta Gernikako Arbolaren kimuaren parean, Argentinako bandera eta ikurrina igo zituzten FEVAko lehendakari Javier Ederrak eta Argentina-Mercosur-erako Euskadiren ordezkari Sara Pagolak. Etxeko dantzariek Aurreskua eskaini zuten eta zeremonia bukatzeko plaka oroigarria desestali zuten macachindarrek.
[Igande goizeko zeremonia herriko plazan, Ohorezko Aurreskua]
Urteurren bazkarian 400 lagun bildu ziren; etxekoek instituzioaren historia kontatu zieten bildutako lagunei, Sara Pagolak hitz batzuk zuzendu zizkien Euzko Alkartasuneko kideei eta Euskal Etxeko zuzendaritzakoek diplomak eman zizkien gonbidatuei. Bazkalostean, Gure Ametsa taldearen azken dantza batek edertu zuen ekitaldi hunkigarria.
[Sara Pagolaren hitzak eta oroigarria Iñaki Unamuno Euzko Alkartasunako lehendakariari]