Zarautz, Gipuzkoa. Hiru urteko lanek beren fruitua eman dute eta azkenean kalean da dagoeneko TikTara taldearen azken diskoa, ‘Ubera’ izenburupean. TikTara musika taldea Zarautzen sortu zen 2010ean eta sustrai latinoa duten abestiak euskaraz kantatzeagatik egin zen ezaguna. Oraingo proiektuan, ordea, hori baino gehiago egin du taldeak; ‘Ubera’ osatzen duten zazpi kantek ardatz tematiko bat ere badute-eta. Diaspora aipatzen dute, eta Latinoamerikara joan ziren euskal emigranteak.
Zentzu osoa izango luke sorrera Diasporan izan zuten kantuok, euskal emigranteen istorioak kontatzen dituztenak, Diasporan kantatzeak eta kontaktatzeko deia egiten diete kontzertu bat antolatzeko interesa luketen Euskal Etxeei
‘Ubera’ko kantek euskara eta Amerikako hainbat tokitako erritmoak batzen dituzte. ‘Amets galduen uhartea’ izenekoak, esate baterako, danzon doinu kubatarra erabiltzen du, eta XIX. mende bukaeran guda karlistetatik Kubara ihesi abiatu zen euskaldun baten fikziozko kontakizuna egiten du. ‘La Platan barrena’ tangoaren hitzek, berriz, “engantxadore” batek animatuta Argentinara joan zen beste euskal etorkin baten gorabeherak kontatzen ditu.
Diaspora diskoan lankide
Zazpi abestik osatzen dute 'Ubera’k eta bakoitzak euskal etorkin baten istorioa kontatzen du. Istorio horiek biltzeko ezinbestekoa izan zen Euskal Etxeen laguntza. Izan ere, ez ziren gutxi izan taldeak egindako eskabide publikoari –hona EuskalKultura.eus-en 2021eko artikulua– erantzun zieten Euskal Etxeetako kideak, euren istorio eta pasadizoak kontatuz. Hura izan zen albumaren oinarria, haren gainean ikertuz eta emigrazio gaietan aditu diren erreferenteak ere kontsultatuz, tartean Oscar Alvarez Gila Amerikako Historiako irakasle titularra EHUn.
Baina musika arloan ere sakondu dute, hala nola Hego Amerikako herri batzuen musika eta doinu herrikoietan, konparazio Rio de la Platako aireetan edo Andeetakoetan. Alor hori lantzeko, Isabel Aretz etnologo eta konpositore argentinarra eta Matilde Chaves de Tobar musikologo kolonbiarra izan dituzte, besteak beste, gida eta erreferentzia.
Dei berria Diasporari
Diasporari lankide izateko 2021ean egindako eskearen arrakastaren ondotik, eta ikusiz Diasporako euskaldunen eta Euskal Etxeen jarrera ona elkarlanerako, gustura bidali baitzituzten euren istorio eta informazioak, arrakasta harek bultzatuta, gonbidapena zabaldu nahi izan die berriro ere taldeak, oraingoan, partaide izan daitezen diskoaren zabalkundean. "Zirkulua ixteko, zein ederra izango zen, kantuok, etorkinen bizipenetan inspiratutako abestiok, sortu ziren tokietan aurkeztea", iradoki dute.
Izan ere, taldea prest legoke euren eskuetan dagoen guztia egiteko helburu eta amets hori betetzearren, eta bira bat antolatzeko Diasporan barrena. Oraingo eskakizuna, kontzertu bat antolatzeko interesa izan lezaketen Euskal Etxeei, beraiekin harremanetan jartzea da, mintzatu eta bideragarritasuna ikustearren. “Momentuz bidaiatzeko aukera konkreturik ez dago, baina Euskal Etxeen interesa neurtzea abiapuntu ona izan daiteke horretarako”, eskatzen dute musikariek.
TikTara sareetan:
- Facebook, TikTara
- Instagram, tiktara_
- Youtube, TikTara Taldea
- Weborria, tiktara.com