euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Kalean da Kimuaken uzta berria, euskal laburmetraiak munduan eta euskal etxeetan zehar zabaltzeko prest

2007/08/29

'Río Puerco' laburmetraia 'western' estiloarekin ausartzen da  (foto Kimuak)
'Río Puerco' laburmetraia 'western' estiloarekin ausartzen da (foto Kimuak)

PUBLIZITATEA

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak sortu eta Euskadiko Filmategiak kudeatzen duen Kimuak programaren azken emaitza, 2007ko uzta, hurrengo Donostiako Zinemaldian aurkeztuko dute, irailaren 22an. Ostean, eta ohi den gisan, katalogoan bildutako film laburrak munduko zinemaldietara eta euskal etxeetara eramango dituzte. Euskal laburmetrai berrienak erakutsi nahi dituzten euskal etxeek Kimuak programaren arduradunekin harremanetan jarri behar dute.
Animazioa eta komedia, drama eta western-a aurki daitezke Kimuak programak 2007 urterako aukeratu duen euskal laburmetrai uztan. Atzo goizean aurkeztu zituzten Donostian Iñaki Gómez Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko Zuzendariak eta Peio Aldazabal Euskadiko Filmategiko zuzendari-zaintzaileak. Eurekin batera Kimuak 2007 katalogoko laburmetraien zuzendarietako batzuk egon ziren: Telmo Esnal (“Taxi?” laburreko zuzendari eta ekoizlea), Izibene Oñederr (“Hezurbeltzak”-eko zuzendaria), Haritz Zubillaga (“Las horas muertas”-eko zuzendaria) eta Víctor Iriarte (“Decir Adiós”-eko zuzendari eta ekoizlea).

Hautaketa-lanak egin dituen epaimahaia osatu dutenak honokoak izan dira: Peio Aldazabal (Euskadiko Filmategia), Txabi Basterretxea (Euskadiko ikus-entzunezkoen ordezkari independentea), Juan Miguel Gutierrez (Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila), Lucía Olaciregui (Donostiako Zinemaldiko hautaketa batzordea) eta José Luis Rebordinos (Donostia Kulturako Zinema Unitateko zuzendaria). Idazkari lanak Txema Muñozek egin ditu (Kimuakeko kudeaketa arduraduna).

MUNDUAN ZEHAR IBILIKO DIRA

Arduradunek atzo aitortu zutenez aukeraketa prozesua zaila izan da eta azkenean ohikoak diren zazpi laburmetraien ordez zortzi aukeratu dituzte, aurkeztutako lanen kalitate handia dela eta. Orain hasiko da filmeak munduko zinemaldietan erakusteko aldia. Ohi denez, euskal etxeetan ere laburmetrai hauekin emanaldiak egiteko aukera egongo da. Horretarako euskal etxeek Txema Muñoz Kimuak programako arduradunarekin kontaktatu behar dute. Hauek dira aurten aukeratutako zortzi film laburrak:

-Columba Palumbus (Uso basatia): Koldo Almandoz euskal film laburren klasikoak egina. Bost minutu besterik ez du irauten. Bi denboratan, bi erritmotan eta bi norabidetan kontatutako hitzik gabeko istorioa da. Ehiztari bat uso-parada baterantz joango da. Orduan, tiro bat entzungo da...

-Decir adiós: Víctor Iriarte durangar gazteak zuzendu du, eta Kimuak programan parte hartu duen lehen aldia da. Film laburra da, osoki Uruguain errodatua. Istorioa oso sinplea da: higiezinen agentzia batean lan egiten duen neska bat film bateko castingera aurkeztuko da, baina ez dute aukeratuko. Lanak 18 minutuko iraupena du eta bikain egituratuta dago. Garrantzitsuena pantailatik kanpo gertatuko da.

-Hezurbeltzak, una fosa común: Izibene Oñederra azkoitiarraren lehen lana da. Kimuak 2007 katalogorako aukeratutako animazioko film bakarra da, baita emakume batek zuzendutako bakarra ere. Animazio esperimentaleko lana da, lau minutu inguruko iraupena du, eta iradokizunez beteta dago. Gainera, eduki sexual handia du. Zalantzarik gabe, etorkizun handia izan dezakeela frogatu du azkoitiar gazteak bere estreineko lanean.

-Las horas muertas: Haritz Zubillagak istorio bortitza pantailaratu du. Filmean, frankotiratzaile batek roulotte batean oporrak igarotzen ari diren bi bikote jazarriko ditu. Giro gaiztoko film labur zirraragarria da. Soinuak garrantzi handia du eta horren erakusle dira tiroen soinuak eta egonezina sortzen duen txistua.

-Limoncello: Jorge Dorado, Luis A. Berdejo eta Borja Kobeagaren lana ezohiko westerna da eta Almerian filmatuta dago. Tonu oso ezberdineko hiru istorio dira: A good manen (Dorado) kostunbrismo ironikoa da nagusi, Río Puercon (Kobeaga) komedia eta Dio vi benedica a tuttin (Berdejo) indarkeria eta fantasia. Film labur horrek egitura eta produkzio bikaina ditu eta hiru hizkuntzatan filmatu dute (ingelesa, italiera eta gaztelera).

-No es una buena idea: Ugo Sanz zuzendari donostiarrak kontatutako istorio gogorra da. Tonu intimista dauka. Minbizia duen neskatxo bat da film laburreko protagonista. Sentimentalismorik eta samurkeriatik gabe, zirrara izugarria eragiten du filmak.

-Taxi?: Film luzeak egin ondoren, Telmo Esnal eskarmentu handiko zuzendariak beste film labur bat egin du. Arturo Valls, Luis Tosar eta Marta Eturak antzeztu dute lana eta komedia ironikoa da. Hirira heldu berri den bidaiari galiziar batek Taxi? bat hartuko du. Taxi?lariak bidaia 'hitz eginez edo hitz egin gabe' egiteko aukera emango dio.

-Traumalogía: Daniel Sánchez Arévalok egin du eta, ohikoa duen bezala, istorio korala da. Gizon batek bihotzekoa izango du bere semeetako baten ezkontzan eta ospitaleratu egin beharko dute. Egoerak krisi handia sortuko du semeen artean.


Lotura interesgarriak

Kimuak 2007rekin kontaktatzeko web gunea
www.kimuak.com

Kimuak 2006 Villegas'ko Euskaldunaken ikusgai
BasqueHeritage.com-en argitaratua 2007ko uztailaren 19an

Euskal Filmategiak Diasporako pelikula zaharrak bildu nahi ditu
BasqueHeritage.com-en argitaratua 2007ko ekainaren 4ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia