euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Salgai da 'Kalea', Kepa Junkerak Ameriketako hainbat kantari eta musikarirekin grabatu duen azken CDa

2009/12/14

Kepa Junkera, 'kalea' iragartzen duten afixen ondoan
Kepa Junkera, 'kalea' iragartzen duten afixen ondoan

PUBLIZITATEA

'Etxea'ren ondotik, 'Kalea' etorri da. Bi hauek dira Kepa Junkeraren azken bi lanen izenburuak, ibak proiektu bereko parte, esan nahi baita munduko hainbat kultura eta herrialdetako kantari famatu euskaraz euskal kantu tradizionalak edo ezagunak kantatzen jartzea xede duen bere proiektu horretako parte. Plazaratu berria den 'Kalea'n, besteak beste Juanes, Pablo Milanés, Lila Downs, Lito Vitale, León Gieco edo Iván Lins bezalako izenak ipini ditu kantari, 23 orotara --82 euren musikariak zenbatuz--, 23 euskal kantu kantatzen. Elkarrizketa Txorierriko Aikor aldizkariari eskaini zion trikitilariak, eta interesgarria zelakoan hona egokitu dugu.

Aikor/Zamudio, Bizkaia. “Badago herri musikari bat, denon etxea balitz bezala, munduko herri guztiak biltzen dituena. Hau guztiaren arkitekto eta igeltseroak Kepa du izena”. Horrela aurkeztu du José Saramago Nobel saridun idazleak “Etxea” Kepa Junkeraren azken diskoa. Errekaldekoak euskal kulturaren 27 abesti tradizional jo ditu bertan, kanpoko 42 kantari eta 15 musikarirekin batera.

-Etxea disko berriari buruz hitz egin dezagun. Zelan sortu zen?

Nire musika ibilbidean lagun asko ezagutu dut, eta gogoa nuen, eurekin batera betidanik gustatu izan zaizkidan kantak jotzeko. Abestiei buelta eman diet, izan ere, kanta euskaldunak dira, baina abeslariak eta musikariak, ordea, ez. Horiek ez dute hizkuntza ezagutzen, ezta abestiak ere. Kantuak oso ezagunak dira Euskal Herrian eta kanpoan ere ezagutzera ematea izan dut helburu. Baina lan hori aurrera eramateko iturriak izan behar ditugu kontuan. Euskal Herrian jende askok egin du lan betiko kantak bildu eta berreskuratzeko. Era berean, kantari batzuei esker heldu zaigu kantutegi hori: Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Amaia Zubiria… Gainera, Euskadin abesbatzak osatzeko ohitura dago, eta horiei esker ere zabaldu dira abestiak. Disko horretan nire ikuspuntutik aurkeztu ditut kantak, eta hainbat lagunek lagundu didate: Michel Camilo, Estrella Morente, Miguel Bosé….

-Zergatik Etxea?

Sinbologiaz betetako ideia da etxearena, eta kontzeptuaren esanahia benetan atsegin dut: eraiki, aterpea, topagunea eta horrelakoak sortarazten dizkit etxea hitzak. Lagunak etxera etortzen zaizkizunean, ahalik eta erosoen sentitzea nahi duzu, eta horretarako onena eskaintzen diezu. Kasu honetan “onena” gure kantak, gure kultura izan da. Nahiko oinarrizkoa, eta, aldi berean, indartsua da etxearen ideia.

-Betiko euskal kantutegia eguneratzen duzu zure lanetan, Oskorri taldeak edo Xabi Aburruzaga zamudioztarrak egiten duten moduan, ezta?

Bai, baina nork bere kutsua ematen dio.

-Zenbait lagunekin aritu zara diskoan. Erraza izan da eurekin harremanetan jartzea eta parte hartzeko konbentzitzea?

Euren erantzuna oso ona izan da. Gogo biziz hartu dute ideia eta hori lagungarria izan da.

-Zein irizpideri jarraitu diezu kolaboratzaileak hautatzeko?

Gustuko eta miresten ditudanak aukeratu ditut. Zerrenda orekatua bilatu dut, hau da, famatuak eta oso ezagun ez direnak agertzea nahi izan dut. Diskoaren ideiari jarraituz, oreka behar da etxea ona eta polita benetan izateko: alde batzuk ikusgarriak dira; beste batzuk, ez hainbeste; alde batzuk funtsezkoak dira; beste batzuk, ez. Maketa eta proposamena bidali nizkien eta estudioan denon artean landu dugu.

-Kantariak ez dira euskaldunak eta gehienek musika mota ezberdinak lantzen dituzte. Baten batek harritu zaitu bereziki?

Oso jende interesgarria egon da. Radio Futura taldeko Santiago Auseron datorkit burura, baina guztiak ibili dira ondo. Euskaldun zahar batzuek esan didate primeran atera dela diskoa. Badakit oso akademizista ez dena; argi dago kantariek euskaldunek bezala ez dutela egiten, baina esanahia da garrantzitsuena, hau da, hizkuntza zabaltzea.

-Kantariez aparte, Xabier Amuriza bertsolaria eta José Saramago Nobel saridun idazlea ere izan dituzu kolaboratzaile. Luxuzkoa…

Itzela. Saramagori bere etxean, Lisboan, azaldu nion proiektua, eta gogo biziz hartu zuen. Niretzat ohore handia da, ametsa. Bere hitzek primeran islatzen dute egitasmoaren sena, etxea topagunea dela esaten dutelako. Saramago oso aproposa da, kulturen arteko elkartasuna adierazten baitu. Eta asmo bera nuen nik disko horretan. Horregatik, Iberiar Penintsulako kantariei zabaldu diet, muga politikoak gaindituz.

-Beti ondo inguratuta, ezta?

Bai, beste musikari batzuekin lan egitea izugarri gustatzen zait, ikasi egiten dudalako. Oso aberasgarria da, eta gainera, oso musikari eta abeslari onak direnez, emaitza ezin da inoiz txarra izan. Beste batzuekin ibiltzen zarenean ideiak ematen dizkizute. Eta mesedegarria da.

-Hainbeste jendek parte hartu izanak boterea kentzen dizu?

Ez, batere ez. Ez dut hori pentsatzen. Nire ustez, galdu baino irabazi egiten dut nirekin lagun batek jotzen badu.

-Harritzekoa da kanta batzuetan trikitiaren soinua kendu izana...

Musikaria ez ezik ekoizle artistikoa ere izan naiz disko honetan. Batzuetan trikitia kendu dut, egia da. Izan ere, pentsatu dut abestiak ez zuela behar, edo hobeto gelditzen zela.

(Txorierriko Aikor aldizkarian argitaratua)

-Trikitilariaren webgunea: www.kepajunkera.com



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia