euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Kalean da Irrika aldizkaria, gazte euskaldunei zientzia era moderno eta erakargarrian aurkezten dien argitalpena

2008/04/04

Irrika aldizkariaren lehen alearen portada
Irrika aldizkariaren lehen alearen portada

PUBLIZITATEA

Nola funtzionatzen du garunak? Zer dira tatuaje elektronikoak? Zergatik ez dugu laser sablerik? Galdera hauei eta beste askori erantzuna ematen die kaleratu berria den Irrika aldizkariaren lehen aleak. Zientzia aspergarria dela uste duten gazteek ikuspuntu berri batetik deskubritzeko aukera izango dute aldizkari honen orrietatik eta baita ere Irrika webgunearen bidez. Irrika ZIO (Zientzia Irakurle Ororentzat) ekimena gazteengana helarazteko proiektu bat da.
Kalean --eta sarean-- da jada Irrika aldizkariaren lehen alea. Ekimen honek ESOko 3. eta 4. mailako eta Batxilergo ikasleei zientziaren mundua erakargarria dela eta eguneroko bizitzan protagonismo handia duela erakustea du helburu. Klaseetan lantzen diren gaietaz aparte, aldizkariaren artikuluetan kontu deigarri eta bitxiak aztertzen dira, gazteengan jakinmina eta interesa piztu nahian.

Irrikak 'pentsamendu zientifiko, teknologiko eta humanistikoa gizartean zabaltzea' errazteko xedea du eta era berean euskarak arlo hauetan duen presentzia areagotu eta normaltzea. Aldizkariak euskaraz, gazteleraz eta ingelesez ematen ditu gaiak eta Elhuyar Fundazioa da edukinen egilea. Aurten hiru ale argitaratuko dituzte, udaberria, udazkenean eta neguan. Ikastetxeetan doan banatuko da.

Garuna, fosilak Bilbon eta tatuaje elektronikoak

Aldizkariaren lehen aleak gai oso desberdin eta deigarriak dakartza: nola funtzionatzen duen garunak, fruitu zukuen iruzurra, erailketak argitzeko intsektuak nola erabiltzen diren... Beste proposamen bat Bilboko kaleetan txango bitxia egitea da, bertan dauden fosilen aztarnak deskubrituz.

Aldizkariak aztertzen duen beste gai bat gazteek entzuten dituzten abestiek drogak zenbat alditan aipatzen dituzten da. Abestien %42ak aipatzen omen ditu. Tatuaje elektronikoak, berahala gure artean izango dugun moda, ere du hizpide aldizkariak. Elkarrizketa arloan honako pertsonaiak biltzen ditu lehen aleak: Eñaut Elorrieta, Ken Zazpi taldeko kantaria eta fisikaria; Gala Moreno, Ozeano Indikoan lanean ari den ikertzailea, edo Nikaraguatik etorri berria den Ainhoa Jimenez ikaslea.

Sarean ere bai

Irrikak webgune propioa ere badu eta bertan irakurleek aldizkariaren edukin guztiak eskura ditzakete. Gainera, sarean irakurtzaileen partaidetza sustatzen da eta gazteek zalantzak argitzeko edo galderak egiteko foroan sar daitezke, gaiak eta elkarrizketak proposa ditzakete eta sariak irabazi, besteak beste. Webgunean ere edukinak hiru hizkuntzatan daude: euskara, gaztelera eta ingelesa.

Irrikaz gain Zientzia Irakurle Ororentzat (ZIO) ekimenak egunotan ZIO bildumaren ale berri bat argitaratu du. Gogo basatiak: zer duten animaliek benetan buruan izenburua du eta Marc D. Hauser, psikologo eta biologoa da egilea. Hauser Harvardeko Unibertsitateko irakaslea da eta liburu honetan animaliek zer eta nola pentsatzen duten argitzen saiatzen da.


Lotura interesgarriak

Irrika webgunea
www.irrika.net

Zientzia.net, euskarazko zientzia ataria
www.zientzia.net


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia