euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Kalean da Boiseko euskal musika garaikidea batzen duen ‘Basque Music of Boise’ proiektuko bigarren CDa

2015/07/08

Hogei musikaritik gora hartu dute parte euskal kantagintzaren proiektuaren bigarren disko honetan (Irudia: E.K.)
Hogei musikaritik gora hartu dute parte euskal kantagintzaren proiektuaren bigarren disko honetan (Irudia: E.K.)

PUBLIZITATEA

Hogei urte joan dira ‘Basque Music of Boise, Volume 1’ diskoak argia ikusi zuenetik eta, efemeridea ospatzeko, bigarren zenbakia eman du argitara Boiseko Euskal Museoak. Joan den astean aurkeztu dute “hiriko euskal musikaren historia batu” nahi duen bildumako bigarren albuma. Museoan bertan izan zen aurkezpen jaia eta hogei bat lagun hurbildu ziren, disko labetik atera berria erosi, jatekoaz disfrutatu eta Beti Gazte eta Amuma Says No taldeen zuzenekoaz gozatzeko.

Boise, AEB. Hilaren 2an aurkeztu dute hiriburu idahotarrean ‘Basque Music of Boise, Volume 2’ diskoa. Boiseko Euskal Museoaren babesa eta Udaleko Arte eta Historia saileko dirua jaso du 32 abestidun proiektu musikal honek. Lau musika talde eta hamabi bakarlari eta bikote desberdinek hartu dute parte “hiriko euskal musikaren historia barne hartu” nahi duen albumean, Patti Miller-ek, Boiseko Euskal Museoko zuzendari eta Volume 1 diskoko buruak, esan bezala. Bigarren zenbaki honen ardura Annie Gavica-k izan du, museoko hezkuntza programen buruak, eta berarekin lehen diskoan ere lan egin zuen Don Cunningham aritu da buru belarri.

Gavica-k buletin honi esan dion moduan, “aurreko Gabonetarako haurrentzako disko bat grabatzea eskatu ziguten eta, orduan, konturatu ginen hamarkada bi ia joanak zirela lehen disko hura atera zenetik; horregatik hasi ginen honetan lanean”. Horrekin batera, gaur egunean, “talde eta musikari berriak” daudela gaineratu du. Azpimarratzeko puntua, benetan, egungo euskal-amerikar talde garrantzitsuenetakoa den Amuma Says No ez baitzen duela hogei urte esistitzen. Baina ez A.S.N, ezta Txantxagorriak ere. Bigarren zenbaki honek lehen grabaketan sartu ez zuten txalapartaren soinua ere gehitu dute.

Horrez gain, Miller-k, Ray Mansisidorren lana azpimaratu nahi izan du. Esku-soinua jo zuen 1995eko diskoan eta, honetan, 90 urte dituela, pare bat kantetan ere aritu da, bere artearen aztarna betiko uzten.

Hemen eros dezakezu diskoa, 10 dolarren truk

CDAren atzeko azala, abesti eta musikarien zerrendarekin:



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia