euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Kalakanen kontzertuarekin hasiko da gaur Necochean 2016ko Euskal Astearen gailurra

2016/11/11

2016ko Euskal Astea euskarari keinuka. Bihar Mintzodromoa egingo da, euskara zubi ipiniz Necochea eta Zubieta artean
2016ko Euskal Astea euskarari keinuka. Bihar Mintzodromoa egingo da, euskara zubi ipiniz Necochea eta Zubieta artean

PUBLIZITATEA

Hasiera ofiziala astelehenean eman bazioten ere, gaur arratsaldeko ekitaldiekin jauzia eman eta goitituko da gori-gorian ipiniz Necochean Euskal Argentinar Aste Nazionalaren 2016ko edizioa. Euskal Herriko bisitariak hemen dira, oinezkoak zein artistak, eta bart Euskal Etxean euskal eta argentinar osagaiak ederki uztartu eta biziarazi ziren, asteburu zinez ederra iragarriz. Kalakanen kontzertuak, Gure Esku Dagoren hitzaldiak eta Emon-ek erromeriak larunbat eta iganderatuko den sentimentu eta emozio leherketa markatuko dute. Hemen guztia prest!

Necochea, Argentina. Aurreko egunetan giroa pixkanaka berotzen eta elikatzen joan da. Astelehenean txupinazoak zabaldu zuen ofizialki Astea, baina begirada guztiak asteburua hurbiltzera zeuden ipinita. Atzo bertan, programak Euskal Sagardotegia zioen, eta Euskal Etxeko areto handia horixe bihurtu zen, Euskal Herriko moldeko sagardotegia, bertakoek, Euskal Etxekoek, euskal erara eginiko sagardoarekin, norberak kupeletik txotx-ean zerbitzatua gainera. Gustua ere polita eta erabat duina zeukan, eta sagardotegi-menu tradizionalarekin zerbitzatu zen, txorizo pintxoak sagardo erara hasieran, eta bakailao tortilla eta txuletoia ondotik, gazta eta irasagar moduko batekin. Emaitza oneko ahalegin polita egin zuten bertakoek. Eta afariarekin batera jendearen kantu eta dantzak etorri ziren. Atzo Argentinan Tradizioaren Eguna izanik, folklore argentinar erakustaldi labur bat egin zuen hiriko talde tradizionalista batek, eta Necocheara Argentinako hainbat euskal etxe bazterretan hilabetez tailerrak eta emanaldiak gauzatzen ibiltako Patxi Perez eta Konpainiak kantu eta dantza saio herrikoi inprobisatua obratu zuten, bildutako zahar eta gazteak partaide.

Sagardotegiaren ondotik, jendea gustura kantari, tartean Patxi eta Konpainia talde lapurtarra giro-ekarle.

Atzo Tradizioaren Eguna izanik, lekutxo bat egin zitzaion folklore argentinarrari sagardotegi afariaren baitan.

Kantuak, dantza argentinarra eta atzoko gaua jauzika bukatu zen, gaurtik aurrera Euskal Asteak ekarriko duena gogoan.

Euskal Herritik etorri behar zuten gonbidatu eta partaideak Necochean dira dagoeneko eta Argentina osotik etorri beharreko dantza talde, euskal etxeetako kide eta ordezkari eta herritar xeheek gaur egingo dute gehienbat.

Gaur arratsaldeak kirolak eta jokoak egingo dira Necocheako hondartzan, ikurrinez apainduko den pasealekua lekuko. Ondoren egingon dira, seietan, Gure Esku dago dinamikaren saioa Euskal Etxean eta Necocheako Hator Hona gazte-programaren aurkezpena. Hiriko Paris antzokiak jasoko du ondotik txanda, bertan egingo baita Kalakan taldearen emanaldia, gaua Euskal Etxean Emon taldearen eskutik etorriko den erromeria eta dantzaldiarekin ordu txikietan amaitzeko. Hona larunbat eta igandeko egitaraua:

-Ostirala, azaroaren 11a

-Euskal etxeetako ordezkaritzen harrera. Gosaria.
-Bazkaria. Lekua: Euskal Etxea.
-15etan, jolasak hondartzan.
-18etan, Gure Esku Dago dinamikari buruzko hitzaldia, Angel Oiarbide hizlari; Hator Hona programari buruzko hitzaldia, Necocheako Zahar Alai Taldeko gazteak aurkezle. 
-20etan, Euskal Herriko Kalakan taldearen emanaldia. Saioa Necocheako Osasuna Otxoteak zabalduko du. Lekua: Paris Antzokia.
-22etan, Erromeria Euskal Herriko Emon taldearekin. Lekua: Euskal Etxea.

-Larunbata, azaroaren 12a

-Euskal etxeetako ordezkaritzen harrera. Gosaria.
-10etan, Bilerak: FEVA, Liburuzainak eta Dantza Taldeen zuzendariak.
-Bazkaria. Lekua: Euskal Etxea.
-14etan, Mintzodromoa, euskaraz mintzatzeko gunea.
-17:30etan, Danborrada eta Kalejira Paris Antzokirako bidean, euskal etxe askotako dantzariak, danbor joleak, eta erraldoiak eta buruhandiak lagun.
-19etan, Dantza Emanaldia. Lekua: Paris Antzokia.
-22etan, Erromeria Euskal Herriko Emon taldearekin. Lekua, Euskal Etxea.

-Igandea, azaroaren 13a

-11etan, Meza Santa Maria del Carmen Parrokian, 61. Kalean, 58 eta 60 kaleen artean.
-12etan, Lore eskaintza Gernikako Arbolaren aurrean Dardo Rocha Plazan.
-12:15etan, Plazako dantzak, ‘chacarera’ dantza argentinarra eta danborrada. Lekua: Dardo Rocha Plaza.
-14etan, Azken bazkaria. Lekua: Euskal Etxea.
-18etan, Azken agurra ordezkaritzei.

(Datorren astean, asteburuaren berri zehaztu eta xehetua, argazkiz eta bideoz ongi hornitua EuskalKultura.com-en)


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia