euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Kalakan-en bisita eta gero, Mendozako Denak Bateko gazteek euren Gaztetxearen 10. urteurrena ospatuko dute

2016/11/25

Kalakan taldeko musikariak Mendozako gazteekin
Kalakan taldeko musikariak Mendozako gazteekin

PUBLIZITATEA

Urteurrenaren festa abenduaren 10ean izango da eta ekitaldi berean Euskararen Nazioarteko Eguna ere ospatuko dute mendozatarrek. Jaian euskal hizkuntzarekin lotura duten bideoak aurkeztuko dituzte eta gazteek prestatuko duten afarian partekatuko. Gonbitearekin batera, Kalakan taldeak Mendozan, Euskal Etxearen egoitzan bertan eskainitako kontzertua erabat arrakastatsua izan zela jakinarazten dute Denak Batekoek.

Mendoza, Argentina. ‘Lurraren azpian’ du izena Mendozako Gaztetxeak, Denak Baten egoitzako sotoan dagoelako. Hori da Euskal Etxeko gazteek eurentzat propio hartutako lekua eta bertan elkartzen dira dantzatzeko, musika jo eta entzuteko, tragoren bat edateko eta euren aktibitateak planifikatzeko.

“Gaztetxea duela hamar urte sortu zen, gazte batzuek ikusi zutenean neska-mutil ugari joaten ari zirela elkartetik ez zutelako aurkitzen beraientzako leku bat. Beraz, aurkitu genuen leku hura –egoitzaren azpian inork erabiltzen ez zuen soto bat– apaindu ahal izateko, ostiraleko afariak hasi ginen prestatzen muslarientzat. Horrela, lekua ezik, aktibitate bat ere lortu genuen gazteentzat, sos pixkat egin eta gure leku berria abiarazteko. Gaztetxeak Euskal Etxearen hainbat aktibitate antolatzen ditu –duela aste batzuk Kalakan taldeak emandako kontzertua kasu– eta biltzen dugun dirua Euskal Aste Nazionalera joateko edo Euskal Etxean hobekuntzak egiteko erabiltzen dugu”, azaldu digu Lautaro Pincheira gazteak.

Gaztetxearen 10. urteurren festa abenduaren 10ean izango da. Afarian Euskararen Nazioarteko Eguna ere ospatuko dute eta horregatik euskarari buruzko bideo batzuk proiektatuko dira. “Joan den ekainean gure Euskal Etxeak, bideo bat bidalita, Arriaga Antzokian egindako klasikoen irakurketan hartu zuen parte –Kafkaren Metamorfosia liburuaren zati bat irakurri genuen– eta bideo hori aurkeztuko dugu”, azaldu digu euskara irakasle ere baden Pincheirak. “Eta ziur aski, baita Gaztetxeari buruzko bideo bat ere”. Hitzordua abenduaren 10ean da, iluntzeko 8etan, Euskal Etxearen egoitzan.

Kalakan taldearen kontzertua

Eta gazteek Kalakan ere ekarri dute azaro honetan Mendozara. Denak Bateko ‘Lurraren Azpian’ Gaztetxean sortu zen Iparraldeko musikariak Euskal Etxera gonbidatzeko ideia. Azaroaren 5ean Argentinan hasitako biraren baitan, Mendozan ere jo zuten artistek erabat arrakastatsua izan zen kontzertu batean. Euskal Etxeko lehendakari Alicia Agirrek azaldu digunez, “berrehundik gora lagun etorri ziren eta oso gustura geratu ziren ikuskizunaren kalitateagatik. Mendoza probintziako Kultur Idazkariaren laguntza izan genuen eta sarrera kobratu beharrean, esne hautsa eskatu genion publikoari desnutrizioa duten umeekin alde lan egiten duen Conin Fundazioari emateko. Oso pozik gaude, ekintza ederra izan baitzen Euskal Etxearen 60. urteurreneko urtea ixten hasteko”.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia