euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Juningo Arbola Batek San Ignazioren omenezko herriko festetan parte hartu eta harrera egin zien Arrecifesko dantza taldeei

2024/08/02

Juninen, Arrecifesko Euskaldunak Denak Bat EEko dantzariek San Ignazio eguneko prozesio eta jaialdian dantzatu eta parte hartu zuten
Juninen, Arrecifesko Euskaldunak Denak Bat EEko dantzariek San Ignazio eguneko prozesio eta jaialdian dantzatu eta parte hartu zuten

PUBLIZITATEA

Junín, Argentina. Junin hiriak, Buenos Aires probintzia ipar-mendebaldean, bere zaindari santu San Ignazio Loiolakoaren omenezko ekitaldi sorta bat ospatzen du uztailero. Horietako bat santuaren irudiaren prozesioa da. Horretarako, herriko agintari, erakunde eta gizataldeei egiten diete dei, eta jaialdi herrikoi batekin amaitzen da. Aurten, Arbola Bat euskal etxe junindarrak hartu du parte prozesioan, modu berezian, euskal elkartearen kultur jarduera dinamizatzekotan ari baitira. Santuaren euskal jatorria agerian ondo uztea zuten helburu eta, horretarako, Arrecifeseko Euskaldunak Denak Bat Euskal Etxearen lankidetza eskatu eta bertako dantzari taldeen babes ederra jaso zuten.

Eduardo Isola Ansalas euskal familia batean hazi zen. Francisco Ansalasen biloba da, Arrecifesko Euskal Etxearen sortzaileetako bat. Juninera bizitzera etorri eta gutxira San Ignazioko prozesioan parte hartu zuenekoa kontatzen dio EuskalKultura.eus-i. Ikurrina bat zeraman gizon bat ikusi eta ez zuen zalantzarik izan harengana hurbiltzeko. Ia desagertuta zegoen bertako euskal etxeko bazkide ohia zen. Topaketa hartatik sortu zen Arbola Bat berriz suspertzeko erabakia. Lanean hasi ziren, datuak eta dokumentazioa berreskuratu dituzte, bazkide ohiekin harremanetan jarri dira, atxikimendu berriak deitzen hasita, eta gaur egun, bi urteren ostean, 70 izen-emate dauzkate, eta 15 laguneko behin behineko zuzendaritza batzorde aktiboa.

Prozesioa, euskal dantzak eta paella

Joan den igandean, uztailaren 28an, goiz-goizetik, stand bat muntatu zuten Maiatzaren 25eko plazan, hiriko plaza nagusian, Loiolako San Ignazio elizaren aurrean. Bertan zabalkunde materiala, euskal literatura eta euskal abizenei buruzko liburuak erakutsi zituzten eta Euskal Etxean sartzeko gonbitea egin zieten hurbildu zitzaien herritar ugariei. Eta, horrekin batera, euskal estiloko paella bat prestatu zuten denen aurrean 100 lagunentzat.

 
Juningo Arbola Bateko lagunek paella erraldoia prestatu zuten bertako San Ignazio festetan


Jaialdia bukatuta, askaria partekatu zuten Juningo Arbola Bat eta Euskaldunak Denak Bateko lagunek

Ikusgarria izan zen, arratsaldeko hiruretan 36 dantzari arrecifestar lagun zeuzkan prozesioa abiatu baitzen santuaren irudiarekin, estanpa ederra. Eta ibilbidea amaituta, eliz aurreko Benito de Miguel kalean, euskal dantzen erakustaldia eskaini zen, Euskaldunak Denak Bateko 'Irrifarra' eta 'Alaitasuna' dantza taldeen eskutik. Agurra eskaini zioten San Inaziori eta gero Azkoitia eta Ezpatadantza dantzatu zituzten. Ondoren, dantza moderno, Argentinako folklore, tango eta kunbia taldeen txanda etorri zen. Jaialdia bukatuta, bi euskal etxeetako kideek merienda bat partekatu zuten, parrokoa bertan zela eta San Ignazio parrokiako gainerako kideekin batera.

Zorionak, Juningo Arbola Bat-eko lagunei, euren indar eta borondateagatik aurrera egin eta geroa borrokatzeko. Eta beste hainbeste Arrecifeseko Euskaldunak Denak Bat-ekoei, duela mende bat baino gehiago apal hasitako bide emankorrari eusteagatik, biltzaile eta zabaltzaile izanez, itsargi eta erreferente, lagun eta lankide, fundatzaileek erakutsitako bideari elkartasunez eta eskuzabalki segitzeagatik euskal etxearen izena zintzo ohoratuz.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia