euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Junineko Arbola Bat Euskal Etxearen logo berrian hiru biribil: Euskal kultura, Juningo elkartea eta etorkizuna

2007/04/10

Junineko Arbola Bat Euskal Etxearen logo berria
Junineko Arbola Bat Euskal Etxearen logo berria

PUBLIZITATEA

Iazko urte bukaeran Juningo Arbola Bat Euskal Etxeak bere logoa diseinatzeko lehiaketa bat egin zuen, Buenos Aires probintziako iparmendebaldeko Diseinatzaile Eskolarekin batera. Epaimahaiak, Euskal Etxeko eta Diseinatzaile Eskolako kideek osatuta, zortzi proposamenen artean aukeratu zuen irabazlea. Hiru biribil dira hautatutako diseinuaren gakoa, bakoitzak euskal elkartearen alde bat irudikatzen duela: euskal kultura, elkartea bera eta etorkizuna.
Iazko urte bukaeran aukeratu zuen Juningo Arbola Bat Euskal Etxeak bere logo berria, lehiaketa baten bitartez. Deialdia arrakastatsua izan zen eta elkarteko lehendakari Hugo O. Andiazabalen esanetan 'oso zaila izan zen aurkeztu ziren zortzi lanen artean irabazlea aukeratzea'. Irabazlea elkartea hobekien islatzen zuen diseinua izan zen azkenik. 'Hiru biribilek osatzen dute logoa. Batean Gernikako Batzar Nagusien etxea, Euskal Herriko historiaren irudi; bestean Arbola, Euskal Etxearen zeinua, eta azkenik, biribil txuria, etorkizuna eta egiteko dauden gauzen ispilu', azaldu dio Andiazabalek Basque Heritage.com-i.

Lehiaketaren irabazlea Hernán Massicot izan zen, hiriko diseinatzaile gazte bat, ordurarte Euskal Etxearekin harremanik izangabea. Logo berria kalean da jada eta Euskal Etxearen komunikazio ofizial guztietan erabiltzen da. Zeinu berri honek Euskal Etxea identifikatzen du, bai hirian eta baita Argentinako euskal komunitatearen aurrean. [ Ezkerreko irudian lehiaketaren sari ematearen unea (argazkia Arbola Bat EE)].

Beste aktibitate batzuk

2006an egindako beste ekitaldien artean Euskal Etxeak afitxe lehiaketa bat ere antolatu zuen, Xul Solar arte eskolarekin batera. Lehiaketaren gaia 'Euskal Herria' izan zen eta diseinu ikasleak Euskal Herriko historia, geografia eta kulturan murgiltzeko aitzaki polita izan zen. 'Gaia oso irekia zen eta gazteek euren sormena erakusteko bide aproposa suertatu zen', azaldu du Euskal Etxeko lehendakariak. Ikuspegi desberdinetatik jorratu zuten gaia: hizkuntza, gastronomia, umorea... Lanak erakusketa batean bildu ziren eta Ángel María de Rosa Arte Museoan egon ziren ikusgai urriaren 20tik abenduaren 3a arte. [Eskubiko argazkiak afitxe erakusketa (argazkia Arbola BatEE)]

2007rako ekimenak

Argentinako beste elkarte asko bezala Arbola Bat 2007rako aktibitateen programa antolatzen ari da. Afitxe lehiaketak izan zuen arrakasta ikusita, elkarteak Xul Solar Arte Eskolarekin batera ekimen gehiago bultzatuko ditu aurten, euskal kultura hedatzeko elkarlanean. Bestetik elkarteko korua berriz ere abian jarriko dute eta euskal gaiai buruzko mintzaldiek ere jarraipena izango dute. Gainera Euskal Zine ziklo bat ere ari dira prestatzen Arbola Batekoak.


LOTURA INTERESGARRIAK

Micaela Arrillagaren ondorengoen bilkura Juninen
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko abenduaren 27an

Arbola Batek zuzendaritza berria aukeratu du
EuskalKultura.com-en argitaratua 2005eko apirilaren 18an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia