euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Julio Olarticoechea futbolariari buruzko liburu bat aurkeztuko da larunbatean Saladilloko Udaletxean

2016/06/10

"El vasco de Saladillo" liburuaren azala
"El vasco de Saladillo" liburuaren azala

PUBLIZITATEA

1986an futboleko munduko txapela eskuratu zuen ekipoko kide zen Olarticoechea. Heroia Argentina osoan. ‘El Vasco de Saladillo’ izeneko liburua bihar aurkeztuko du Agustin Di Benedetto egileak Saladilloko Udaletxeko aretoan. Aurkezte ekitaldian, Saladillo bertakoa den Julio Jorge Olarticoechea ez ezik, Daniel Arcucci kazetaria eta hiriko agintariak ere egongo dira. Dunken argitaletxeak argitaraturik, izenburua laster eskuratu ahal izango da Argentinako liburu dendetan.

Saladillo, Argentina. 30 urte beteko dira aurten Argentinako Selekzioak Mexikoko 1986ko Nazioarteko Futbol Txapelketa irabazi zuenetik eta urteurren berezi horren barruan Txapelketa horren irabazleetako bat izan zen Julio “El Vasco” Olarticoecheari buruzko liburu bat idatzi du Agustin Di Benedetto kazetariak.

76 orriko liburuan futbolariaren hainbat pasadizo kontatzen ditu Di Benedettok, guztiak futbolari lotuta. “El Vasco de Saladillo ez da biografia bat”, azaldu dio egileak EuskalKultura.com-i; “liburuan kontatzen ditut Olarticoechearen bizitza profesionalaren goreneko hamar momentu, futbolean hasi zenetik –Saladilloko Club Argentinon– erretiratu arte. Iazko urte erdi aldera hasi nintzen idazten eta astero biltzen nintzen ‘El Vasco’rekin bere kontakizunak entzuteko. Nazioarteko Futbol Txapelketa irabazi zuenetik hamaika omenaldi egin dizkiote. Liburu bat falta zen eta orain hori ere badu”, baitetsi du.

Di Benedettok gonbidaturik, futbol arloko izen handiko beste lagun batzuek ere idatzi dute, tartean, Daniel Arcucci kazetariak eta 1986ko Argentinako Selekzio horren kide ere izan zen Jorge Valdanok. “Are gehiago, Valdanok hitzaurrea idatzi du. Eta bere hitzetan aipatzen du Olarticoecheak badituela berak Espainian ezagutu zituen euskaldunen ezaugarri bereak: zintzotasuna, indarra eta lanerako joera”.

Liburuan larunbat honetan, ekainaren 11an, aurkeztuko du Agustin Di Benedettok Saladilloko Udaletxean egingo den zeremonia batean. Egilearekin batera, Olarticoechea, Daniel Arcucci eta Jose Luis Salomon hiriko alkatea egongo dira. Hitzordua arratsaldeko 5etan da eta ekitaldi berean, Olarticoechearen omenezko plaka bat desestaliko da eta “La historia detrás de la Copa 1986” izeneko dokumentala proiektatuko.

El Vasco de Saladillo Dunken Argitaletxeak kaleratuko du eta laster egongo da salgai Argentinako liburudenda guztietan.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia