euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Julio Elejalde: "Euskadiko musikari, idazle, artista eta abarrek erabiltzeko dago Madrilgo Euskal Etxea"

2011/02/14

Julio Elejalde, orain arte lehendakari izandako Jon Zaballari besarkatuta, hari makila bat eman ondoren otsailaren 7an, egindako lanaren eskergarri (argazkia MadrilEE)
Julio Elejalde, orain arte lehendakari izandako Jon Zaballari besarkatuta, hari makila bat eman ondoren otsailaren 7an, egindako lanaren eskergarri (argazkia MadrilEE)

PUBLIZITATEA

Joan den urtarril hondarretik da Madrilgo Euskal Etxeko lehendakari Julio Elejalde bilbotarra. Bertako idazkaria zen ordura arte, eta elkarteko ardura gorena eman diote geroztik. Bere agintaldian gauzatu nahi dituen asmoen artean, kultura arloko eskaintza indartzea eta ahalegin berezia egitea gazteak erakartzearren. Eta mezua bidaltzen die Euskal Herriko artista eta kulturgileei: erabil dezatela Euskal Etxea Madrilen aurkezpenak edo emanaldiak egin nahi badituzte. "Euskal Etxeko ateak zabal-zabalik dituzte".

Madril, Espainia. Julio Elejalde --Athleticeko jokalaria izan zen garai batean-- urtarrilaren 24az geroztik da Madrilgo Euskal Etxeko lehendakari. Hasi berri-berria da, beraz, ardura zuzen horretan. EuskalKultura.com-ek bere agintaldiari buruz galdetu dio, lehentasunei buruz eta asmo berriez. Erantzuna, bera aurreko Zuzendaritza Batzordeko kide zenez, idazkaria baitzen, gehienbat kudeaketa haren segida izango dela berea erantzun du.

Lehentasunen artean, ordea, gazteak erakartzeko ahalegin berezia aipatu du, eta kultur arloan, programazio egonkorra lortzen saiatuko dela, "ikuskizunak, aurkezpenak, hitzaldiak eta emanaldiak antolatuz, hilabetean zehar, data jakinetan, kopurua eta maiztasuna ere zehazteke". Ideiak direla azaltzen du, gainerako batzordekideekin, bazkideekin eta Euskal Herritik ere etor daitezkeen proposamenak bildu nahi baititu.

Horri dagokionez, EuskalKultura.com-ek lerro hauen bidez eskaintzen dion aukera baliatu nahi du Euskal Herriko edo Diasporako idazle, musikari, kantari, sortzaile eta abarrei, eta oro har espainiar hiriburuan euren burua aurkeztu nahi dutenei, kontutan har dezaten Euskal Etxea aukera bat dela jauzi hori egiteko, euren egoitza den eraikina oso leku egokian baitago Madrilen, erdigunean, Zarzuelako Antzokiaren aurrean, eta euskal kulturari eta oro har euskaldunei laguntzea euren lan eta helburuetakoa dela Madrilgo Euskal Etxe gisa.

Madrilgo Euskal Etxearengana jotzeko, aski da internet bidez euren webgunean sartzea, www.euskaletxea-madrid.com, edo telefonoz (34) 915 314 593 zenbakira deitzea.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia