euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Julian Celayak eta Elvira Kortajarenak Arrecifeseko EEaren 90. urteurreneko ospakizunekin bat egingo dute bihar

2012/02/24

Arrecifeseko Euskaldunak Denak Bat Euskal Etxea, urteurrena ospatzeko prest (argazkia ArrecifesEE)
Arrecifeseko Euskaldunak Denak Bat Euskal Etxea, urteurrena ospatzeko prest (argazkia ArrecifesEE)

PUBLIZITATEA

Julian Celaya, Eusko Jaurlaritzaren Kanpoko Euskal Herritar eta Gizataldeentzako zuzendaria, Argentinan da, astelehena arte luzatuko den bidaia ofizialean. Bisitaren baitan bihar Arrecifesen bertako Euskaldunak Denak Bat Euskal Etxearen 90. urteurrena ospatzeko ekitaldietan hartuko du parte. Elvira Kortajarena, Euskadiko ordezkaria Mercosur-erako, ere bertan izango da, Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritza osatuz. Gaur Celaya eta Kortajarena espainiar enbaxadako Enplegu eta Segurtasun arduradunarekin bilduko dira. Enbaxadako sail honek kudeatzen du gizarte eta gizataldeen arloa, Buenos Airesko Ordezkaritzako iturriek EuskalKultura.com-i azaldu diotenez.

Buenos Aires, Argentina. Julian Celaya, Eusko Jaurlaritzako Kanpoko Euskal Herritar eta Gizataldeentzako zuzendaria, eta Elvira Kortajarena, Mercosur-erako ordezkaria, Arrecifesen izango dira bihar, Euskaldunak Denak Bat Euskal Etxearen 90. urteurreneko ekitaldietan parte hartzeko. Eurekin batera izango dira Ricardo Basterra eta Marta Abarrategui FEVAko lehendakari eta idazkaria hurrenez hurren (Abarrategui Arrecifes bertakoa da) eta baita hainbat euskal etxetako ordezkaritzak ere, besteak beste Pergamino, Chacabuco, Pilar, Gral. Rodríguez, Buenos Aires eta Suipacha herrietatik Arrecifesko lagunekin urtemuga biribila ospatzera etorriak.

Ospakizunak 19:30tan hasiko dira, hiria zeharkatuko duen karroza desfile batekin. Euskal etxeak jakinarazi duenez, ibilbidea honakoa izango da: Lamadrid, Ricardo Gutierrez, Av. Belgrano, Av. Merlassino, Rivadavia, Ricardo Gutierrez. Karroza bakoitzak euskal jarduera tipiko bat irudikatuko du: pilotariak, aizkolariak, arrantzaleak... eta elkarteko bazkideek ikusleei jarduera horietan parte hartzeko gonbitea egingo diete. Musika eta dantza ere izango dira, txistulariekin eta kalejira batekin. 

Kabalkada edo desfilearen ondoren afaria egingo da Euskaldunak Denak Bat-en egoitzan. Aspaldi agortu ziren tiketak eta euskal etxea leku gehiago egin nahian ibili da azken egunetan, 350 lagun hartu ahal izateko. Afariaren ostean euskal etxeko lehendakari ohiek omenaldia jasoko dute eta elkartearen une esanguratsuenei buruzko bideo bat erakutsiko da. Euskal dantza erakustaldiak egingo dituzte elkarteko dantza taldeek, eta ondoren Maral taldeak kontzertua emango du, ohi bezala, euskal eta argentinar errepertorioa jorratuz.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia