euskal diaspora eta kultura
2011/10/19
PUBLIZITATEA
Patraix, Valentzia. Julian Celaya, Eusko Jaurlaritzaren Euskal Herritarrentzako eta Gizataldeentzako zuzendaria, Valentzian izan zen iragan urriaren 11an, Patraix auzoko Jai Herrikoien 12. edizioan parte hartzeko. Laurak Bat Euskal Etxeko agintariek egin zioten Celayari harrera Valentzian. Maite Najarrok, Luis Najarro presidentearen alabak, eman zion ongi etorria, bere aitaren ordez, Najarrok osasun arazoak izan baititu berriki. Hala ere, Laurak Bateko presidenteak ez zuen huts egin nahi izan eta euskal etxeko ekitaldian izan zen, nahiz eta ordezkaritza lanak alabari utzi zizkion.
Celayak euskal etxeko egoitza ezagutzeko aukera izan zuen, Maite Najarrok gidatuta. Elkartea 1948an sortu zen, "nahiz eta 1950 arte ez zuten ofiziala egin", azaldu zion Celayari Juan Dorronsoro presidenteordeak. Euskal Etxea ezagutu ondoren Patraixko Auzo elkartearen egoitzara joan zen euskal ordezkaritza, jaien inaugurazio ekitaldian parte hartzeko.
[Julian Celaya Laurak Bat elkartean, zuzendaritzako kideekin eta zenbait bazkideekin]
Pregoilari ofizial
Antonio Plak, auzo elkarteko presidenteak, eskerrak eman zizkion Julian Celayari Eusko Jaurlaritzak ekitaldiari emandako babesarengatik. Jarraian, Valentziako politika eta gizarte arloko ordezkari talde zabal baten aurrean, Celayak euskal lan tresnei buruzko argazki erakusketa bat inauguratu zuen. Ondoren, talde osoa Patraixko plaza nagusira joan zen eta han, 2.500 lagunen aurrean, jaien inaugurazio ofizialaren ekitaldia hasi zuten.
Pregoilari ofizial bezala, Julian Celayak hitzaldia eman zuen eta Euskadi eta Valentziar Komunitatearen arteko anaitasuna agertzeko aukera eskertu zuen. Ondoren, Errenteriako Ereintza dantza taldeak erakustaldia eskaini zuen eta Valentziako ikusleek txalo zaparradarekin eskertu zuten euren lana.
Madrileko euskal orfeoia
Biharamunean Ereintzak Patraixeko jaiak girotzen jarraitu zuen eta kalejira egin zuen herriko kaleetan zehar. Ondoren, Madrileko Euskal Etxeko Orfeoiak kantaldia egin zuen. Berrogeitahamar bat kidek osatzen dute abesbatza eta fin aritu ziren denak Valentziako kontzertuan. Euskal kantu herrikoi sorta eskaini zuten: Agur Jaunak kantuarekin hasi ziren eta Maite kantarekin bukatu zuten. Euskal parte hartzea larunbatean bukatu zen, Iñaki eta Inaxio Perurena harrijasotzaileek egin zuten erakustaldiarekin.
[Madrilgo Euskal Etxeko Orfeoia Patraixko kantaldian]
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus