Julian Celaya Loyola, sozialista barakaldarra, euskalduna, zuzendari komertziala eta instituzio eta enpresa munduan harreman onak dituen pertsonaren fama duena izendatu du atzo Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak Kanpoko Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Zuzendaria, aurreko gobernuan Josu Legarretak ia bi hamarkadaz bete zuen postua betetzeko alegia. Izendapena agerkari ofizialean argitaratu ondoren izango da ofiziala, aste honetako datozen egunetan, Lehendakaritzatik EuskalKultura.com-i baieztatu diotenez.
Vitoria-Gasteiz. Joan den astean Kanpo Harremanetarako Idazkari Nagusi Guillermo Echenique izendatu ondoren --gaur izendatuaren nagusia alegia-- jaurlaritzaren atzoko Gobernu Kontseiluak Julian Celaya Loyola izendatu du Kanpoko Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Zuzendari, aurreko gobernuan Josu Legarretak betetzen zuen postua betetzeko alegia.
Julian Celaya Loyola aspaldi bertakotu zen Barakaldon. Sozialista eta euskaldunzaharra, zuzendari komertziala izan da eta instituzio eta enpresa mailan harreman onak dituen pertsonaren fama dauka. Eusko Legebiltzarrerako azkeneko hauteskundeetan, Patxi Lopezen zerrendakide izan zen eta 16. postuan zegoen zerrendan, ateratzeko aukerarik ez zeukan beraz.
Celaya kirolzale handia da, eliteko kirolari ohia eta judoko gerriko belztuna Lehenengo DANekoa. Futbolzalea ere bada, eta aurten bertan presidenteordegai gisa parte hartu zuen Barakaldo Futbol Klubeko zuzendaritzarako hauteskundeetan.