euskal diaspora eta kultura
2010/03/11
PUBLIZITATEA
Vitoria-Gasteiz. Euskal Herritarrentzako eta Gizataldeentzako zuzendari den Julian Celaya Loyolaren azken egunotako bidaiari buruz, Jaurlaritzan euskal etxeekiko eta komunitateekiko harremanen ardura zuzena duen honek Kolonbia eta Venezuela bisitatu ditu otsailaren 26tik martxoaren 4a bitartean, bi herrialdeotako zenbait hiri eta puntutara iritsiz Euskadiren Kolonbia, Venezuela eta Ertamerikarako Ordezkari den Iñaki Martinez lagun, eta Gasteizen Kanpo Harremanetarako teknikari den Andoni Martin ere bidaiakide. Cartagena de Indias-en (Kolonbia) Unai Ortuzar eta Jose Felix Azurmendirekin --EITB eta Canal Vascoko nazioarteko emisioen arduradun-kargua hartu berria bata eta kargu hori utzi berria bestea-- bildu ziren, eta baita ere hiriko Espainiako kontsulatuko kantziler Maria Pilar Gonzalez Abad-ekin.
[Julian Celayak (ezkerretik, lehenengoa), Iñaki Martinez (ezkerretik bosgarrena) lagun, Kolonbia eta Venezuelako zenbait euskal etxe eta gizatalde bisitatu ditu lehenengo aldiz egunotan]
Jaurlaritzak berak zabaldu duen laburpenak azaltzen duenez, martxoaren 1ean Celaya eta Martinez partaide izan ziren Espainiak Kolonbian duen enbaxadari Andres Colladok Bogotako bere egoitza ofizialean antolatutako bilera eta ondoko harrera-ekitaldian, bertan besteak beste Enbaxadako nazioarteko kooperazio arloko, arlo ekonomiko-komertzialeko eta kultura arloko aholkulariak zeudela. Euskal ordezkaritza Bogotako Euskal Etxeko Zuzendaritza Batzordeko kideekin ere bildu zen, garatzen dituzten ekimenen berri eman zietelarik, eta Kolonbian bizi diren euskal herritarrentzat antolatutako harrera-ekitaldi bateko antolatzaile eta protagonista ere izan ziren, 60 bat pertsona partaide, tartean herrialdean lanean ari diren euskal enpresetako ordezkariak eta GKEetako langileak, eta propio gonbidatuta Espainiako Enbaxadako aipatu hiru aholkulariak.
[Iñaki Martin Euskadiren Kolonbia eta Venezuelarako ordezkaria (ezkerrean) eta Julian Celaya Jaurlaritzako Euskal Herritarrentzako eta Gizataldeentzako zuzendaria (eskuinean), Damaso Lario Espainiak Venezuelan duen Enbaxadariaren (erdian) egoitza ofizialean, Caracasen]
Antioquia departamentuko hiriburu den Medellin hirian, berriz, bertako gobernadore Luis Alberto Ramos Boteroren aholkulari den William Espinak errezibitu zituen, eta ProDePaz delako foroan Iñaki Martinezek izan zuen partaidetza entzun zuten, bertako hainbat alkate, Italiako Udalen Federazioko ordezkariak eta Rio Negroko Unibertsitatekoak partaide. Medellinen ere, hirian egoitza duen Antioquiako Unibertsitate barruko Euskal Ikasketa Zentroko kideekin eta hirian euskal etxe bat sortu eta ofizialdu nahi duen lagun talde batekin bildu ziren (egun Bogotakoa da Jaurlaritzaren zerrendan agertzen den euskal etxe bakarra). Bogotara itzulita, Mondragon Unibertsitateko (MU) bertako ordezkariekin solastu ziren.
[Julian Celaya-eta, Valenciako Eusko Etxean, Carabobo estatuan]
Venezuelara pasaturik, martxoaren 3an Espainiako enbaxadari Damaso Lariorekin bildu ziren haren Caracaseko egoitza ofizialean. Hiriburuko Eusko Etxeari dagokionez, soilik bildu ahal izan ziren Caracaseko Eusko Etxea-ko kargua uzten ari zen Zuzendaritza Batzordeko kide Vicente Corostolarekin. Azkenik, martxoaren 4ean, azken egunean, Carabobo estatuko Valenzia-ra bidaiatu, Valenciako Eusko Etxea-ren egoitza bisitatu eta Zuzendaritza Batzordeko kideekin bildu ziren, Euskal Herrira itzuli aurretik.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus