euskal diaspora eta kultura
2013/05/14
PUBLIZITATEA
Donostia-San Sebastián. Atlantikoaren alde bateko eta besteko euskal musikazaleek pozik hartu dute Julitxu Gysling Zubillaga necocheatarraren hautaketa Gipuzkoako Abesbatzen Federazioaren presidente karguan. Izendapena euskal-argentinar honek euskal koruen munduan egin duen lanaren eta ibilbidearen isla da, baina, horrez gain, Diasporak euskal kulturari egin diezaiokeen ekarpenaren seinale ere bada: Euskal Herritik urrun gure kultura bizirik mantentzen duelako, eta Julitxxurena bezalako kasuetan, etxera bueltan ekartzen duelako, beste bizipen eta kultura batzuen eraginarekin aberastuta.
Julitxuk apaltasunez jaso du kargu berria, "hainbeste lagunek niregan konfiantza izateak ematen didan asebetetzearekin", eta zuzendaritza taldeak azken urteetan abian jarri dituen ekimen eta zerbitzuekin jarraitzeko asmoa agertu du. Federazioak 110 abesbatz biltzen ditu gaur egun eta bere lanak Euskal Herrian zein nazioartean aintzatespena jaso du.
Aitonaren oparia
Julitxu Gysling Hipolito aitonaren eskutik hasi zen, literalki, musika munduan. Hipolito Zubillaga errenteriarra gazterik joan zen Argentinara eta han, Necocheako Euskal Etxearen sorkuntzan parte hartzeaz gain, txistularia eta abesbatz zuzendaria izan zen. Julitxu iloba bost urterekin hasi zen berak zuzenduriko bi koruetan abesten (horietako bat euskal etxeko haurren abesbatza). "Zentzua dudanez geroztik, bere ondoan izan naiz. Bi urte nituenean, berarekin eramaten ninduen abesbatzen entseguetara, eta pianoaren ondoan aulki batean esertzen ninduen, oinak airean", agertu dio necochearrak EuskalKultura.com-i.
[Julitxu txikia, txistua jotzeko grina erakusten, aitona Hipolitoren besoetan (argazkia JGysling)]
"Errenteriko Andra Mari, Caracaseko Pizkunde eta Hondarribiko Eskifaia Abesbatzeko koruen diskoak entzuten zituen. Azken honekin liluratuta zegoen eta diskoan kalitate aztarnak antzematen erakutsi zidan", gogoratu du Julitxuk. Hainbat urte beranduago, Julitxuk Euskal Herrian ezagutu zuen koru horretako zuzendaria, Javi Busto, eta bere zuzendaritzapean hamar urtetik gora abestu zuen.
Euskal etxea, bigarren etxe
Aitonarekin batera, Necocheako euskal etxea ere erreferentzia garrantzitsua izan zen euskal-argentinarrarentzat. "Nire anai-arrebak eta ni neu bertan hazi gara. Gutariko askorentzako euskal etxea gure bigarren etxea izan da, eta hala da, oraindik ere. Han dantzaria eta txistularia izan naiz, koruan abestu nuen eta Euskal Herrira etorri nintzen arte Gure Aziak korua sortu eta zuzendu nuen. Nire familiak han darrai, orain baita hiru iloba txikiak ere, hiruak dantzariak; denak lanean gure aiton-amonek hara heldu zirenean egin zutena egiten jarraitzeko: gure sustraiak gorde, zaindu eta zabaltzea".
[Julitxu, ezkerrean, anai-arrebekin, Necocheako Gernikako Arbolaren kimuaren aurrean, 1991ko Aberri Egunean (argazkia JGysling)]
Necocheako elkartea zentro oso aktiboa da eta Julitxuk harreman estua mantentzen du. "Oso aktibo ikusten dut, zorionez, eta oso, oso argi utziz gauzak okerrenean direnean ere beti posible dela EGITEA. Familia sendoa dira, gogoz betea. Nekaezina eta geldirik egoten ez dakiena".
Berriz ere Errenteriara
Orain 21 urte Julitxuk betiko ametsa betetzea erabaki eta Euskal Herrira etorri zen bizitzera. "Diasporako gazte askok bezala, bihotza itsasoz bestalde nuen. Gaztaroa euskal mitologiari buruz irakurtzen eta Imanol, Mikel Laboa, Lertxundi, Lete... entzunaz pasa nuen. Aitona-amonekin birritan hona etorri eta gero, Lazkaon bi hilabetez euskara ikasteko beka bat lortu nuen 1992an, eta hemen gelditu nintzen. Aitonak hainbeste maite zuen Errenterian gelditu izanaz oso harro nago".
Euskal Herrian bizi arren, Julitxuk aitonarekin harreman estua mantendu zuen, orain bost urte Hipolito zendu zen arte. "Berak, urrundik bazen ere, pozarren jarraitu zuen nire ibilbidea; kontzertu bakoitza, bidaia bakoitza, grabazioak. Astero telefonoz deitu eta dena kontatzen nion eta horrek biziki pozten zuen. Gaur egun nire bizitzan (eta nire semeen bizitzan) musikarekin zerikusia duen edozer berari zor diot eta berari eskaintzen diot", aitortu du.
[Landarbaso Abesbatzarekin kantuan Txinan (argazkia JGysling)]
Musika bizitza da. Eskerrik asko, Julitxu!
Imanol, 2013/05/15 22:38
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus